Ekonomia -

Enplegua sustatzeko neurria

'600 euro emango dizkiegu hilero enpresei gazteak kontratatzeagatik'

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritako neurri ekonomiko horrek "5.280 gazteri lan arloan esperientzia eskaintzea" izango du helburu.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EITB
Gazteei zuzendutako enplegu plana aurkeztu du Urkullu lehendakariak

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 600 euroko diru-laguntza emango dizkie hilero inoiz lan egin ez duten gazteak gutxienez lau hilabetez kontratzen duten euskal enpresei. Neurri ekonomiko horrek "5.280 gazteei lan arloan esperientzia eskaintzea" izango du helburu.

Halaber, ostiralean Eusko Legebiltzarrean bake arloan lortutako akordio bera "Aurrekontuen auzian ere" lortuko duten itxaropena azaldu du.

Konpromisoaren adierazle

Andaluziaren IX. Eguna ospatzeko Sestaon izandako ekitaldian Urkulluk gogoratu duenez, Ezkerraldeak eta Meatzaldeak "Andaluziatik etorritako familia anitzen harrera eta integrazioa bizi dute". "Lehendakari gisa, herri osoaren sentipena ordezkatzen ari naizen heinean, gehiago hurbiltzen gaituen jaialdi honetan parte hartzeagatik harro sentitzen naiz", azpimarratu du lehendakariak.

Andaluziako jaialdia Euskadin "integrazioaren eta batzen gaituen konpromisoaren adierazle da", esan du Urkulluk, "bat gara batuta etorkizunera ari garelako begira, gure etorkizun komuna Euskadi delako, eta horren alde ari garelako lanean".

Enplegua sustatzea

Horren harira Urkulluk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "gazteren lehen lanpostua sustatu nahi du, esperientzia faltaren ondorioz lana aurkitzeko zailtasunekin amaitzeko". Hori dela eta, "600 euro emango dizkiegu euskal enpresei hilero lehen lanpostua bilatzen ari diren gazteak kontratatzeagatik".

Lehendakariak azaldu duenez, 'Enplegua Sustatzeko 2013-2016rako Programa'k 281 milioi euro izango ditu 2013an 12.711 lanpostu berri sortzeko eta beste 42.185 lanpostu mantentzen laguntzeko. Urkulluren hitzetan, programa hori "legegintzaldiaren hasieran Exekutiboak hitzartutako konpromisoetako bat da".

Aurrekontuak

Gobernuaren egitura % 20 murriztea eta aurrekontuen proiektua, "Euskadiko historiako sozialena", "inoiz baino azkarrago" aurkeztu dutela aipatu du, "Aurrekontu osoaren % 73,9 gizarte gastuetarako" bideratuko dutela gogoraraziz.

"Euskadik punta-puntako Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Zerbitzuak izaten jarraituko du", esan du Urkulluk. Gainera, "600 milioi euroko" enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko plana izango dutela ekarri du gogora, "1.800 enpresari finantziazioa emateko eta 19.000 lanposturi eusteko".

"Sozietate publikoak % 25 murrizteko bidea" hasi dutela ere azpimarratu du Urkulluk. "100 egun daramatzagu Gobernuan eta agindu genuena bete dugu", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Enpresaburuak Gazteak azken ordukoa Dirulaguntzak gaur