Ekonomia -

Abeltzaintza

Baserriko txerriak 'Eusko Label' berme-marka lortu du

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, labela "arrakasta" izateko giltza dela esan du, eta "jarraitu beharreko bidea" dela uste du.

 

 

Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, produktuaren aurkezpenean
Arantza Tapia
Basetxerrik Eusko Labela lortu du

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal baserriko txerriak 'Eusko Label' marka lortu du, bertako kalitatezko produktuek jasotzen duten bereizgarria. Marka horri esker, produktu horren salmenta igotzea espero da, Euskadin saltzen diren txerrikien % 6-7 soilik baita bertakoa.

Baserriko txerria 'Eusko Label' marka lortu duen hamaseigarren produktua da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Arantza Tapia, produktu berriaren aurkezpen ekitaldian izan da, Bittor Oroz Haziko presidente eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordearekin eta Josu Garaialde Baserriko Txerria elkarteko kudeatzailearekin batera. Bertan izan dira, bestalde, baserriko txerria ekoizten duten 31 ordezkari. Horietatik gehienek bereizgarria jasoko dute.

EAEn, hamar kilo txerriki kontsumitzen dira pertsona eta urteko, baina haragi horren % 6-7 soilik ekoizten da bertan. Hori dela eta, Tapiak esan du 'Eusko Labela' baserriko txerriaren kontsumoa hazteko aukera ona izan daitekeela.

Euskal Autonomi Erkidegoan hezi, hil eta zatikatutako txerrien haragiak jasoko du labela. Kanpoan hezitakoak izango dira, eta kontrolatutako eta kalitatezko pentsuarekin elikatu beharko dira.

182 eta 250 egun artean dituztenean hilko dituzte txerriak, eta gutxienez 95 kilo pisatu beharko dituzte. Eusko Jaurlaritzak kontrolatuko du kalitate maila, Hazi korporazioaren bitartez, eta produktuaren trazabilitatea, kalitatea, segurtasuna eta egiazkotasuna hartuko ditu kontuan pasatuko dituen kontroletan. Gainera, prozesuan parte hartuko duten elementu guztiek (ekoizleak, pentsugileak, hiltegiak, zatikatzaileak eta sailtzaileak) homologatuta egon beharko dute.

Produktu hori 'Eusko Label' saltzeko baimena duten harategietan soilik aurkitu ahal izango da. Gainera, zenbait enpresak labeldun txerrikiak salduko dituzte, esaterako, urdaiazpiko egosia, hestebeteak eta patea.

Kalitate gorena

Aurkezpen ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, lehen sektorea "oso sektore berezia" dela adierazi du. "Gure lurrera, paisaiara, kulturara eta pentsamoldera oso lotuta dago, baina batez ere, gure ekonomian zati garrantzitsua hartzen duen sektorea da, kalitate goreneko eta balio gehigarri handiko produktuak eta konpromisoak hartzen dituen sektore profesionala".

Tapiak zehaztu duenez, administrazio publikoak "kalitatezko jarduera sektorialaren mantenua babestu" behar du, horrek "besteengandik bereizi" egingo baitu.

Sailburuaren hitzetan, "'Eusko Label' berme-marka arrakastatsua izan da bereizgarri hori duten produktu guztientzat, eta jarraitu beharreko bidea dela uste dugu, betiere, ingurumena errespetatzen duten ekoizpen sistemak erabilita, gure ondare naturalaren eta kulturalaren babesa bermatuta eta kontsumitzaileei kalitatezko produktu osasuntsuak eskainita".

Apustu estrategikoa

Hazi korporazioko presidente eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek gogorarazi duenez, duela 25 urte "kalitatearen aldeko apustu estrategikoa" egin zuen Eusko Jaurlaritzak, eta gaur, "'Eusko Label' markadun hamaseigarren produktuari ongietorria" eman zaio.

"Gure lurraldea ez da handia, ustiategi txikiak ditugu, baina kalitate handiko produktuak ekoizten ditugu. Hori izango da Eusko Jaurlaritzak lehiakortasuna eta lehen sektorea hobetzeko egingo dituen lanen ardatza", azaldu du.

Orozen hitzetan, "produktu berri horrek arrakasta izan, merkatura eraman, saldu eta gure sektorearen errentak hobetuko ditu".

Bestalde, Baserriko Txerria elkarteko kudeatzaile Josu Garaialdek onartu du ez dela erraza izan orain arte lanean jardutea. "Kalitatezko produktu bat ekoizten genuela esaten genuen, baina guk bakarrik bermatu genezakeen hori". Orain, aldiz, Hazi korporazioaren bermea izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Animaliak Abeltzaintza enpresak