Ekonomia -

Babesa, aurreakordioari

'Villavesetako' langileek greba mugagabea amaitu dute

Enpresa-batzordeak konpainiarekin astelehenean adostutako aurreakordioari babesa eman diote TCCko 313 langilek, eta lanuztea bertan behera uztea erabaki dute.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresa-batzordeak konpainiarekin astelehenean adostutako aurreakordioari babesa eman diote TCCko 313 langilek, eta greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute gaur. Lanuzteak hiru asteko iraupena izan du.

Enpresa-batzordeko iturriek jakitera eman dutenez, 446 langileko erroldatik 313k akordioari babesa eman diote, 79 langilek kontrako botoa eman dute, bostek zuri bozkatu dute eta hiru boto baliogabetzat jo dituzte.

Juan Jose Jaime enpresa-batzordeko bozeramaileak sinadura falta dela gogorarazi du, baina "greba mugagabea bukatu" dela erantsi du. Horrela, ostegun honetan autobusen zerbitzua "normaltasunez" emango dute.

Lan gatazkaren balantzea "oso positiboa" da, Jaimeren hitzetan. Langileek esfortzu handia egin behar izan dute, baina "nahi genuena lortu dugu", adierazi du. "Lan erreformaren aurrean babesa", kaleratzeko espedienteak atzera botatzea eta aldi baterako kontratua zuten 40-50 lankide langile finko izatera pasatzea lortu dute, enpresa-batzordeko bozeramaileak azaldu duenez.

Greba lehenago bukatzea posible zela deitoratu du Jaimek. Erabakitzeko gaitasuna duten politikariek (Iruñeko Mankomunitatea) "lehenago esku hartu izan balute" gatazka amaituta egongo litzatekeela esan du enpresa-batzordeko bozeramaileak, baina agintarien esfortzua eskertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea