Ekonomia -
Bidesariak errepideetan
Arkupe sistema ezartzearen aurka agertu da Gipuzkoako oposizioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioa Deskargako mendatean bidesaria ezartzearen alde agertu da; ez, ordea, Foru Aldundiak ezarri nahi duen arkupe sistema erabiltzearen alde.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioa Deskargako mendatean bidesaria ezartzearen alde agertu da; ez, ordea, Foru Aldundiak ezarri nahi duen arkupe sistema ezartzearen alde.
Datorren astean eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan bere egunean Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu zuen arkupe sistema ezartzea: proposamen honekin, diru-iturri berriak ireki nahi dituzte, errepide-sare nagusi guztian ibilgailu astunentzat 14 bidesari martxan jarriz.
Aldundiaren arabera, neurri horrek urtean 27 milioi euro ekarriko lituzke, eta, oposizioaren jarrera ikusita, kezkatuta agertu da Larraitz Ugarte bozeramailea, arkupe sistema ez onartzeak ekarriko lituzkeen "ondorio larriak" aipatuz.
Jeltzaleek, sozialistek eta popularrek ez dute arkupe sistemarekin bat egingo, hau da, ibilgailu astunentzako bidesaria Deskargan ez ezik, N-1, A-15 eta N-121-A errepideetan ere jartzearekin.
Datorren asteazkenean bozkatuko dute arkupe sistema Batzar Nagusietan, eta popularrek eztabaida atzeratzea eskatu dute, Deskargari buruz negoziatu ahal izateko.
Larraitz Ugartek azaldu duenez, aurreko legealdian Foru Aldundiak 900 milioi euroko mailegua eskatu zuen errepideak ordaintzeko, eta, ondorioz, arkupe sistema ezartzea "ezinbestekotzat" jo du, bankuekin arazorik ez izateko.
Ugarteren ustez, bidesaria Deskargan bakarrik ezartzea Bergara ingurua berriro zigortzea litzateke. Hala ere, oposizioaren proposamenaren inguruan hitz egiteko prest azaldu da, bidesaria Deskargan behintzat ezartzeko.