Ekonomia -
Espainiako Gobernua
Energia berriztagarrien lege berria aste gutxi barru onartuko dute
Soria ministroak teknologia batzuei begira “salbuespenak” egitea baztertu du, horrek “beste teknologia batzuetan doikuntzak egin behar izatea” ekarriko lukeela argudiatuz.
Erredakzioa
Energia berriztagarriei eragingo dien lege berria “aste gutxi barru” onartuko du Espainiako Gobernuak, Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak azpimarratu duenez. Lege berri horretan ez da aldaketa berririk izango, ministroaren hitzetan.
Orain, Gobernuak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak lege horren inguruan igorritako txostenak aztertuko ditu. Hala ere, teknologia batzuei begira “salbuespenak” egitea baztertu du ministroak, horrek “beste teknologia batzuetan doikuntzak egin behar izatea” ekarriko lukeelako.
Lege horrek arautuko dituen teknologia ezberdinek “murrizketa handiak” pairatu dituztela onartu du ministroak, baina teknologia horietan “salbuespenak” egiten badira, “beste batzuetan ere murrizketak egin beharko genituzke”, Soriaren ustez.
Rajoyren Gobernuak “autokontsumoa” arautuko duen lehenengo Exekutiboa izango dela azpimarratu du Energia arduradunak. Horrez gain, sektoreak bizi duen “arazo nagusia” prezioek azken urteetan izandako % 70eko gorakada dela nabarmendu du.
“Salneurriarena kontsumitzaileei, industriari eta herritar guztiei eragiten dien arazoa da. Prezio horiek jaisteko eta egonkortzeko neurriak adostea gure lehentasuna izan behar da”, gaineratu du.