Ekonomia -
Itunpeko hezkuntza
Mugagabeko grebaren arriskuaz ohartarazi dute sindikatuek
Grebak 250 zentroko 9.000 irakasleri eta 180.000 ikasleri eragingo lieke ikasturtearen hasieratik, Xabier Irastorza ELAko ordezkariaren arabera.
Erredakzioa
ELA, CCOO, Stee-Eilas eta UGT sindikatuek itunpeko hezkuntzan 2014-2015 ikasturtearen hasieran mugagabeko greba egoteko arriskuaz ohartarazi dute, sektoreak bizi duen gatazka konpondu ezean.
Grebak 250 zentroko 9.000 irakasleri eta 180.000 ikasleri eragingo lieke ikasturtearen hasieratik, Xabier Irastorza ELAko ordezkariak prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera. Prentsaurreko horretan CCOO, Stee-Eilas eta UGT sindikatuetako ordezkariak ere izan dira. LABek duela hilabete batzuk erabaki zuen protestetan parte hartzeari uztea.
Lan gatazka duela hiru urte luze hasi zen, patronalek (Kristau Eskolak eta AICEk) Eusko Jaurlaritzak itunpeko moduluetan egindako murrizketak langileen nominetan aplikatzea erabaki zutenean.
Horrez gain, 2013ko uztailean alorreko euskal lan hitzarmena bertan behera geratu zen eta Estatukoa aplikatzen hasi ziren.
Irastorzak gogora ekarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak langileei arrazoia eman dietela patronalak Jaurlaritzaren murrizketak soldatetan aplikatu ezin dituela salatu dutenean. Horrekin batera, 2009ko hitzarmena indarrean dagoela esan zuten epaileek.
Irastorzaren arabera, sindikatuak akordioak lortu eta langileekin soldata murrizketaren ondorioz pilatutako zorraren ordainketa "negoziatzeko" prest daude. Zor hori epaitegiek onartu dute. Langile bakoitzari 700 eta 1.200 euro zor dizkiete, batez beste, urte bakoitzeko.