Ekonomia -

3.100 behargin Araban

Lehendakaria, Espainiako erregea eta Soria, Mercedesen aurkezpenean

Gaur enpresa alemaniarrak ekoitziko duen monobolumen berriaren aurkezpena izan da, Gasteizko lantegian. Halaber, LABek protesta egin du lantegiaren atarian, Espainiako erregearen bisitaren kontra.

600.000 metro koadroko planta du enpresak Gasteizen. Irudia: EiTB
600.000 metro koadroko planta du enpresak Gasteizen. Irudia: EiTB
Mercedesen monobolumen berriaren aurkezpenean izan da erregea

Errredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mercedes-Benzek V Class luxuzko monobolumen berria aurkeztu du gaur, asteartea, Gasteizko plantan. Autoa Alemanian jarriko dute salgai maiatzaren amaieran, eta Europako gainerako herrialdeetan ekainetik aurrera.

Zehatz-mehatz, Mercedes-Benzek Gasteizen duen plantak bi modelo berri aurkeztu ditu: V Class monobolumena eta Vito furgoneta berria (aurrekoaren ordezkoa), baina azken hau ez dute salgai jarriko azarora arte.

Aurkezpen-ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Espainiako erregea eta Jose Manuel Soria Industria ministroa izan dira.

Mercedes-Benzen ordezkaritza honako hauek osatu dute: Dieter Zetsche Daimler AGren Zuzendaritza Batzordeko presidenteak; Volker Mornhinweg Mercedes-Benz Vans-en presidenteordeak; Jose Luis Lopez-Schumer Espainian duten filialaren presidente eta aholkulariak eta Emilio Tiros Espainiako Industria Zentroetako zuzendari orokor eta Gasteizko zuzendariak.

Bi modelo berri hau ekoizteak bermatuko du Mercedes Benzek Gasteizen duen plantak lana izango duela datozen urteetan. Enpresak 190 milioi euro inbertitu ditu muntaketa-katea egokitzeko.

Mercedesek ia 600.000 metro koadroko planta du Gastezen, EAEko handiena da, 3.100 behargini lana ematen die eta EAEko BPGko % 2,4 sortzen du.

Mercedes Benz efe

Mercedes Benz efe

Mercedes-Benzeko lantegia Gasteizen. Argazkia: EFE

"Emaitzak eta seinaleak"

Soria ministroak ziurtatu duenez, Gobernuak martxan jarritako erreformei esker "emaitza eta seinale positiboak" ikusten ari dira eta neurriok "onartzea, azaltzea eta ulertzea ez da erraza izan".

"Arazoak izaten jarraitzen dugu, baina ziur gaude aurtengoa susperraldiaren urtea izango dela", esan du ministroak, Gobernuak % 1,2 hazkundearekin urtea bukatzea aurreikusi duela nabarmendu eta gero.

Soriak eskertu egin dio erregeari Mercedesen proiektua babestu izana eta, bere esanetan, inbertsio hau "bultzada" bat da EAEko eta Espainiako autogintza sektorearentzat.

Mercedes Benz efe

Mercedes Benz efe

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

"Aldaketa joeran"

Halaber, Urkulluren arabera, "joera aldaketa" gertatzen ari da orain eta Mercedesek Gasteizen alde egindako apustua "positiboa eta motibatzailea" da.

"Ez dago aurkezpen hau baino esparru hobeagorik esateko Euskadi konfiantza ikurra dela. Zuhurrak eta errealistak gara, ez dugu garaipena ospatuko, baina lanean jarraituko dugu susperraldia konfiantzan oinarrituta eraikitzen", gaineratu du.

"Etorkizun zoriontsua"

Gasteizko lantegiarekin "oso harro" daudela ziurtatu du Dieter Zetsche Daimler AGko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak. Bestalde, "etorkizun zoriontsua" duela nabarmendu du. Lantegiarentzako "egitasmo handiak" dituztela erantsi du.

Zentzu horretan, "datozen urteetan lanpostuak mantentzeko" borondatea azaldu du Zetschek. Espainiako "klima irekia eta elkarrizketa", goraipatu ditu buruzagiak.

"Karrozeria, pintura eta muntaketa lerroak modernizatu eta berregituratzeaz gain, arlo logistikoa hobetu dugu", azpimarratu du. Furgoneten lantegi batean, azken urteetan, egindako inbertsiorik handiena dela adierazi du.

Mercedes Benz efe

Mercedes Benz efe

Mercedes-Benzeko fabrikako langileak eta erakundeetako ordezkariak. Argazkia: EFE

Protesta, erregearen bisita dela eta

LAB sindikatu abertzaleko zenbait ordezkarik elkarretaratze bat egin dute gaur goizean, Mercedesko plantaren atarian, erregearen bisitaren eta 'Espainia marka'ren kontra protesta egiteko eta, era berean, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko aldarria egin dute.

Elkarretaratzea 09:30ean hasi dute, eta ordubete inguru izan dira, baina tarte horretan ez da erregea Mercedesko lantegira heldu, eguerdi aldera heltzea aurreikusi baitute.

Espainia Marka, pobrezia eta miseria, eta Burujabetza irakur zitekeen LABeko ordezkariek eraman duten pankartetan. Erregeak, LABen arabera, Euskal Herriko "eskubide sozial eta politikoak ukatzen dituen proiektu ideologikoa" ordezkatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Alemania albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Mercedes-Benz Gasteiz Industria gaur Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan