Ekonomia -
Erkide
Urkullu, elkarrizketan 'norabide berria'ren alde enpleguan oinarrituta
Lehendakariak esan du "lana eta partaidetza" eta "errealismoa eta ilusioa" krisi ekonomikotik "indartuta" ateratzeko behar den konbinazioa direla.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak agente sozialei elkarrizketa sozialaren "norabide" berri bat eskatu die, "enplegua lortzeko aukerak lehenesten" dituena. Halaber, Euskadin "hazkuntzaren bidea hasi" dela nabarmendu du.
Urkulluk agerraldi bat egin du ostirla honetan, Juan Mari Aburto Enplegu sailburuarekin batera, Erkideren batzar nagusian, Miñanoko Parke Teknologikoan (Araba).
Lehendakariak azpimarratu du "lana eta partaidetza" eta "errealismoa eta ilusioa" (bere ustez, Erkidek lantzen dituen formulak) krisi ekonomikotik "indartuta" ateratzeko behar den konbinazioa direla.
Eusko Jaurlaritzak balore horiekin bat datorrela adierazi du, eta eredu kooperatiboaren alde azaldu du, "unerik zailenetan" "erantzuteko espiritua eta gaitasuna" erakutsi dituelako.
Urkulluk aitortu du azken urteok euskal ekonomiaren historian "zailenetarikoak" bezala gogoratuko direla, eta, arazo guztiak konpondu ez diren arren, "euskarriak sendotu dira", gaineratu du.
"Hazkundearen bideari ekin diogu"
"Hazkundearen bideari ekin diogu, baina denbora kostako zaigu enplegua sortzeko ildora itzultzeko. Geure politika ekonomikoaren oinarriak sendoak dira, eta epe ertainerako ikuspuntuarekin adostuta daude. Ekonomiaren susperraldia, egonkortasunera, konfiantzara eta aurreikuspenetara lotuta dago, eta, gaur egun, aurreikuspenak positiboagoak dira Euskadin", azpimarratu du.
Lehendakariak "Euskadin elkarrizketa sozialari norabide berri" bat jartzea ere proposatu du, etorkizunak "susperraldi ekonomikoa, hazkundea, justizia soziala eta elkarrizketa soziala" bateragarria egitea eskatzen duelako.