Ekonomia -

Industria EAE-n

400 enpresatik gora batu dira industria-makineria berritzeko programan

Eusko Jaurlaritzaren Industria-Makineriaren Renove programari esker, ia 110 milioi euroko inbertsioa egingo da euskal enpresatako 489 makina berritzeko.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
400 enpresak hartu dute parte Renove planan

1:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

420 enpresak eman dute izena Eusko Jaurlaritzaren Industria-Makineriaren Renove programan. 9,5 milioi euroko aurrekontua du planak 489 makina berritu ahal izateko, eta 107,7 millioi euroko inbertsio induzitua izango du, aurreikusitakoa baino % 70 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Juan Ignacio Garcia de Motiloak programa horren datuak aurkeztu ditu Bilbao Exhibition Centren (BEC), Makina Erreminta Biurtekoan.

Garcia de Motiloak azpimarratu duenez, programak harrera “izugarria” izan du, eta 2013 amaieran aurkeztu zenean, inbertsio induzitua 63 milioi ingurukoa izango zela uste zutela gogorarazi du. Zifra hori, baina, erraz gainditu da.

Programa horri esker berrituko diren 489 makinetatik, 213 makina erremintakoak dira, eta 52,6 milioi euroko inbertsio induzitua eragingo dute sektore horretan. Gainontzeko eskaerak honakoak dira: fundizioak (87), kautxoa eraldatzeko industriak eta materia plastikoak (19), elikagaien eta edarien industria (17), nekazal makinak (16), siderurgia (13), paperaren industria (13) eta egurraren industria (9).

Lurraldeka, Gipuzkoako 203 enpresak makinak berritzeko 240 eskaera egin dituzte; Bizkaiko 119 enpresak, 136 eskaera, eta Arabako 98 enpresak, aldiz, 113 eskaera. Berrituko diren 489 makinetatik, 140 Euskadin eraikiko dira, 90 Espainian eta 259 atzerrian. Makina bakoitzerako, gehienez ere, 70.000 euroko diru-laguntza jasoko dute enpresek.

Garcia de Motiloak programa honetan sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza azpimarratu du. Horrela, euskal industriak “makineria modernizatu eta instalazio lehiakorragoak” izatea espero dela esan du, krisitik atera ahal izateko.

Enpresa ertain eta txikiei zuzendutako programa horren helburua euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea da, instalazioak berrituz eta egungo segurtasun eta lan osasun neurriak betez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Enpresen albisteak Industria Laguntza publikoak