Ekonomia -
Lan gatazka
La Navaleko sindikatuek geldialdiak deitu dituzte 52 kaleratzeengatik
Sestaoko ontziolako zuzendaritzak ekainean aurkeztu zuen 52 langile kaltetuko dituen kontratuen iraungitze espedientea. Sindikatuen aburuz, ez dago arrazoi ekonomikorik edo produktiborik.
Erredakzioa
La Naval ontziolako enpresa batzordeak bi orduko geldialdiak deitu ditu datorren asterako, zuzendaritzak aurkeztu duen 52 langileren kontratuen iraungitze espedientea baztertzen dutela erakusteko.
Geldialdiak asteartean eta ostegunean izango dira; asteartean, gainera, ontziolako bulego nagusien aurrean kontzentrazioa egingo dute. Ostegunean, administrazio kontseiluaren bileraren ordu berean izango da geldialdia.
Pasatu den ekainaren 20an, ontziolako zuzendaritzak 52 langile kaltetuko dituen kaleratze plana aurkeztu zuen enpresa batzordean.
Uztailaren 15ean itxi zen kontsulta epea, adostasunik lortu gabe, eta sindikatuek atzo jakinarazi zuten planari helegitea jarriko diotela.
Sindikatuen aburuz, ez dago arrazoi ekonomikorik, ezta produkzio arlokorik ere, espedientea martxan jartzeko, eta zuzendaritzari "inor ez kaleratzeko eta lan gehiago lortzeko esfortzua egiteko" eskatu diote.
Gainera, La Naval ontziola kudeatzen duten akziodunei exijitu diete ehuneko ehunean kudeatzen dituzten enpresekin bezala jokatzeko Sestaoko konpainiarekin.
Batzordeak azpimarratu du ontziolan 30 urte baino gehiago daramaten langileak kaleratu nahi dituela enpresak, ontzien eraikuntzan esperientzia eta gaitasun handia duen jendea, alegia, eta horiek kaleratuta, ontziolak "giza deskapitalizazioa" jasango duela.