Ekonomia -
Gowex auzia
Fidantza ordaindu eta kartzela saihestu du Jenaro Garciak
600.000 euroko bermea ordaindu du Gowexeko presidente ohiak. Hala ere, datozen 24 ordutan pasaportea entregatu beharko du, eta epailearen baimenik gabe ezin izango da Espainiatik atera.
Erredakzioa
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak 600.000 euroko fidantza ezarri zion Jenaro Garcia Gowexeko presidente ohiari. Dagoeneko bermea ordaindu du Garciak, eta espetxea saihestu du. Hala ere, datozen 24 ordutan pasaportea entregatu beharko du, eta baimenik gabe ezin izango da Espainiatik atera.
Santiago Pedraz epaileak gaur igorri duen autoaren arabera, Florencia Mate Garciaren emazteak transferentzia gauzatzeko agindua eman zuen uztailaren 17an. Horrela, Banco Popolare Luxenburgoko bankuak fidantza ordaindu zuen iragan larunbatean.
Era beran, Matek kontu korronte horretako diru guztia transferitu zuen. Arcole Venture sozietatearen dirua zen eta emaztea kontuko administratzaile bakarra zen. Bost milioi euro inguru Auzitegi Nazionalaren eskuetan geratu dira.
Pedrazek Garcia bermepean aske uztea erabaki zuen uztailaren 14an, akusatua galdekatu eta gero. Azken hamarkadan Gowexeko zenbakiak faltsutu izana onartu zuen Jenaro Garciak epailearen aurrean.
Hasiera batean fidantza ordaintzeko 15 eguneko epea eman zion epaileak Garciari, baina azkenik gaur arte luzatzea erabaki zuen magistratuak, Gowexeko presidente ohiak hala eskatuta.
Hala ere, epaileak kautelazko neurriak ezarri dizkio: pasaportea kendu dio, horrela 24 ordu ditu entregatzeko; bizilekua Espainian izan beharko du, "epailearen baimenik gabe ezin izango du aldi baterako edo behin betirako aldatu". Atzerrira bidaiatzea debekatu dio eta hilabete bakoitzeko 1 eta 15 egunetan epaitegietan aurkeztu beharko da.