Ekonomia -

Finantza Publikoen Kontseilua

2014an baino % 5 gehiago biltzea espero dute EAEko ogasunek

2015ean lurralde historiko bakoitzak EAEko diru-kutxa komunari egin beharreko ekarpenen koefizienteetan akordioa lortu dutela azaldu du Gatzagaetxebarriak.

Finantza Publikoen Euskal Kontseilua. Argazkia: EFE
Finantza Publikoen Euskal Kontseilua. Argazkia: EFE
Iaz baino %5,5 gehiago biltzea espero du Finantzen Euskal Kontseiluak

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zergen bidez 13.080 milioi euro biltzea espero dute EAEko ogasunek, 2014an baino % 5,5 gehiago.

Urriko ohiko bilera egin du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, eta 2014an eta 2015ean lortu beharreko diru-bilketaren aurreikuspenak egin dituzte bertan hiru aldundietako buruek. 2014an 12.402 milioi euro bilduko dituztela uste dute, 2013an baino % 5,5 gehiago.

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak eta Jose Luis Bilbao (EAJ), Martin Garitano (Bildu) eta Javier de Andres (PP) ahaldun nagusiek agerraldi bateratua egin dute bilera amaitu eta gero.

Sailburuak eman du bileran adostutako kopuruen berri. Kopuru horiekin datozen urteko aurrekontuak egin beharko dituzte erakundeek.

Ekarpenen koefizienteak

2015ean lurralde historiko bakoitzak EAEko diru-kutxa komunari egin beharreko ekarpenen koefizienteetan akordioa lortu dutela azaldu du Gatzagaetxebarriak, nahiz eta De Andresek desadostasunak azaldu. Araudia aldatzea beharrezkoa dela errepikatu du gaur Arabako ahaldun nagusiak, Arabari kalte egiten diolako.

Horrela, datorren urtean Arabak % 16,43ko ekarpena egingo du (1.435 milioi), Gipuzkoak % 33,03koa (2.886 milioi) eta Bizkaiak % 50,54koa (4.416 milioi).

Eustatek Barne Produktu Gordina zehazteko Europako metodologia erabili eta gero, ekarpenen koefezienteen inguruko desadostasuna areagotu zen. EBk BPGan, besteak beste, prostituzioa eta droga-trafikoa txertatu ondoren, Arabak orain arte baino 4 milioi gehiago ordaindu beharko ditu.

Desadostasunak gainditzea lortu dutela azaldu du Gatzagaetxebarriak; izan ere, zenbatzeko metodologia berria 2012ko BPGan aplikatu dute soilik, ez lau urteko osoan.

Horrela, Arabari egindako kaltea "txikitu" dutela azpimarratu du De Andresek. Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan, "ez dira 4 milioira helduko".

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan Ekarpenen Legea "zehatz-mehatz" aplikatu dutela goraipatu du De Andresek, "malgutasunik gabe". "Eskuaira eta kartaboia" erabili dituztela gaineratu du.

Ekarpenen Legearen erreforma

Bestalde, Ekarpenen Legea erreformatzea beharrezkoa dela errepikatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek. Hala ere, erreforma egiteko "baldintza objektiborik" ez dagoela azaldu du Bilbaok.

Bileraren balorazio positiboa egin du Gatzagaetxebarriak. Datorren urteko koadro makroekonomikoa finkatu dute. EAEko BPGa 2015ean % 1,7 haztea espero dute. Sektore guztiek gora egingo dute, lehen sektoreak izan ezik. Eraikuntza sektorea ere hazi egingo da.

2015ean 5.800 lanpostu inguru sortzea espero dute agintariek.

Araban, 2015ean, 2.044 milioi euro (2014an baino % 6,5 gehiago) bilduko dituzte, Bizkaian 6.877 milioi (% 5,3 gehiago) eta Gipuzkoan 4.158 milioi (% 5,5 gehiago), gaurko bileran jakitera eman dutenez.

5.113 milioi BEZaren (Balio Erantsiaren Zerga) bidez biltzea espero dute; 4.679 milioi, PFEZarekin (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga); eta 1.164 milioi, Sozietate-zergarekin. Guztira, 13.000 milioi baino gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zerga politika Euskal Estatistika Erakundea gaur