Ekonomia -

Langabezia

Indarrean sartu da iraupen luzeko langabeentzako laguntza berria

Programa berri honetarako sarbidea dutenek hilean 426 euroko diru-laguntza izango dute, eta gainera laguntza hori bateragarria izango da lan batekin.

Langabetuak Lanbideko bulego batean. Artxiboko irudia: EiTB
Langabetuak Lanbideko bulego batean. Artxiboko irudia: EiTB
Langabetuak Lanbideko bulego batean. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta gizarte eragileek enplegua sustatzeko eta iraupen luzeko langabeak lan munduan sartzeko diseinatutako aparteko programa ostegun honetan sartuko da indarrean.

Programa horretarako sarbidea dutenek 426 euro jasoko dituzte hilean, gehienez ere sei hilabetean. Diru-laguntza hori jasotzeko aukera izango dute laguntza guztiak agortu dituzten iraupen luzeko langabeek, karga familiarrak dituztenek edota hainbat baldintza betetzen dituztenek.

Zehazki, diru-laguntza eskatzeko, iraupen luzeko langabetuek baldintza hauek bete beharko dituzte: aurrez, inoiz, lanean aritu izana; lana aktiboki bilatzea, eta laguntza berria eskatu baino sei hilabete lehenago diru-laguntza guztiak gastatu izana.

Halaber, laguntza hau jasotzeko, beste bi baldintza hauek ere bete behar dituzte: familia ardurak izatea eta 2014ko abenduaren 1a baino lehen Lanbiden izena emanda egotea.

Diru-laguntza berri horrek 1.000 eta 1.200 milioi euro arteko kostua izango du, eta 400.000 eta 450.000 langaberi eragingo die.

Laguntza jasotzen dutenak enplegu zerbitzu publikoek diseinatutako ibilbidea betetzera behartuak izango dira, ahalik eta azkarren lan merkatura itzul daitezen.

Bestalde, laguntza jasotzen duenaren borondatea ere kontuan izango da eta baita "egokia" den edozein lan eskaintza onartzea ere. Gainera, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da azken lana "nahi gabe" galdu izana.

Laguntzen onuradunek aktibitaterako konpromisoa sinatu beharko dute eta, horren arabera, enplegurako zerbitzu publikoek edo lan munduan sartzeko agentziek zehaztutakoa egin beharko dute. Programan parte hartzen ari diren denboran, lan eskaintza bat edota formakuntza saio bat egiteko eskaera jaso eta ukatzen dutenak bertatik aterako dira.

Programa 2016ko apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean eta onuradunek laguntza enplegu batekin bateratu ahal izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Lanbide bideoak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak