Ekonomia -
Bizkaitik Kantabriara
Zierbenako enpresa bat Castrora joango da, bertako laguntzak jasotzeko
Bizkaiko Aldundia aztertzen ari da deslokalizazio kasu bat ote den; hala balitz, enpresak Aldunditik jasotako diru-laguntza guztiak itzuli beharko bailituzke
Erredakzioa
SIBAN enpresak, uhal garraiatzaileak egiten dituenak, Zierbenan (Bizkaia) duen lantegia itxi eta Castro Urdialesera (Kantabria) eramango ditu 50 langileak, hango Erkidegoak ematen dituen laguntzak jasotzeko; eta Bizkaiko Aldundiak ikerketa abiatu du deslokalizazio kasu bat ote den argitzeko.
PEOSA euskal enpresa taldekoa da SIBAN, eta jakitera eman duenez, Kantabriako Gobernuarekin hitz egin aurretik euskal erakundeekin negoziatu zuen, baina ez zen akordiorik izan. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du enpresarekin negoziatu izana, eta ez omen zuen Kantabriara joateko asmoaren berri.
Bizkaiko Aldundiak ez du argitu enpresarekin harremanak izan ote dituen, baina ikerketa abiatu du enpresa deslokalizazio kasu bat ote den jakiteko, Bizkaiko foru arau batek Aldunditik jasotako diru-laguntza guztiak itzultzera behartzen baititu enpresak deslokalizatzen dituztenak.
Abanto-Zierbenako Udalak "ezusteko desatsegin"tzat jo du SIBANek lantegia lekuz aldatzeko agertu duen asmoa, ez baitzuen enpresako arduradunek horrelako erabakirik hartzea espero, "oso harreman ona" baitzuten.