Ekonomia -
Euskadi-Kantabria auzia
Siban enpresari espedientea ireki dio Bizkaiko Aldundiak
Bizkaian duen lantegia Kantabriara eramatea erabaki du. Deslokalizazioa egotzita, diru-laguntzetan emandako 100.000 euroak itzultzeko eskatu dio Aldundiak.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak espedientea irekiko dio Siban enpresari deslokalizazioa egotzita. Bizkaian duen lantegia Kantabriara eramango duela iragarri zuen enpresak, eta horren harira aurkeztuko du espedientea Foru Aldundiak, eta urte hauetan jasotako diru-laguntzak, 100.000 eurokoak, itzultzeko eskatuko dio.
Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Sibanek deslokalizazio "argia" egin du.
Peosa euskal taldearen enpresetako bat da Siban, eta uhal garraiatzaileak egiten ditu Abanto Zierbenako (Bizkaia) lantegian. Enpresa bizkaitarrak iragarri berri duenez, 50 langileak Castro Urdialesera (Kantabria) eramango ditu, Kantabriako Gobernuak emandako diru-laguntzak jasotzeko.
Pradalesek azaldu duenez, Sibanek 100.000 euro jaso ditu Bizkaiko Foru Aldundiak 2005-2014. urteen artean emandako diru-laguntzen bidez. Hain justu, diru-laguntzok eta dirutza horrek eragindako interesak itzuli beharko ditu Sibanek. Horrez gain, zortzi urtean ezingo du Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarik jaso.
Bizkaian geratzeko eskaintza
Bizkaiko Foru Aldundiak 2014ko urtarrilean izan zuen Sibanen asmoen berri. Ordudanik, enpresarekin harremanetan egon dira Aldundiko ordezkariak. Otsailean egindako bilera ofizial batean, Sestaoko eta Zornotzako industrialdeetan lantegia zabaltzeko eskaintza egin zion Aldundiak, baina handik astebetera baztertu egin zuen Sibanek.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du enpresa bizkaitarraren erabakien berri gehiago izan, eta joan den astean "komunikabideen bidez" jakin zuen Kantabriara joateko asmoa zuela.
Pradalesen ustez, Sibanek "erabakita zuen lekualdatzea, eta, zoritxarrez, ezin izan dugu askorik egin", deitoratu du.
2015eko Enplegu Plana
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2015eko Enplegu Planaren aurkezpenean eman du enpresa horri irekitako espedientearen berri Pradalesek. Emandako datuen arabera, Foru Aldundiak 19,27 milioi euro bideratuko du 2.225 lanpostu sortzeko eta 1.300 beharginen lan-trebetasunak hobetzeko.
Hiru ardatz izango ditu Pradalesek aurkeztutako planak: gazteen "kalitatezko" kontratazioa bultzatzea, iraupen luzeko langabeek (batez ere 45 urtetik gorakoek) lana topatzea eta autoenplegua sustatzea.