Ekonomia -
Inflazioa
KPIa % 0,4 jaitsi da abuztuan, aurreko bi hilabeteetan igo ostean
Espainiako Estatistika Institutuak azaldu duenez, batez ere, gasolio, gasolina eta argindarraren prezioen jaitsierak eragin du beherakada.
Agentziak | Erredakzioa
KPI Kontsumoko Prezioen Indizeak berriro egin du behera abuztuan (% 0,4), aurreko bi hilabeteetan gorakada jaso ostean, ostiral honetan zabaldutako adierazle aurreratuaren arabera.
Espainiako Estatistika Institutuak azaldu duenez, batez ere, erregaien (gasolioa eta gasolina) eta argindarraren prezioen beherakadak eragin dute beherakada.
Adierazle hau kontuan izanik, eta datua irailaren 11n baieztatuz gero, KPIaren aurrerapenak bost hamarreneko murrizketa izango luke urtetik urterako tasan; izan ere, aldea % 0,1ekoa izan zen uztailean.
Ekainean eta uztailean, gora
KPIak gora egin zuen ekainean, aurreko hamabi hilabeteetan beherakadak jaso eta gero. 2014ko uztailean hasi ziren prezioak behera egiten (% 0,3), eta beherakada apur bat leundu zen irailean eta urrian (% 0,2 eta % 0,1, hurrenez hurren). Azaroan (% 0,4), abenduan (% 1) eta urtarrilean (% 1,3) handiagoa izan zen beherakada.
Hortik aurrera, jaitsierak apur bat txikiagoak izaten hasi ziren. Otsailean % 1,1 egin zuten behera prezioek, martxoan % 0,7, apirilean % 0,6 eta maiatzean % 0,2. Hortik aurrera, joera aldatu, eta % 0,1eko gorakada izan zen ekainean eta uztailean.
Halaber, prezioek hilabetetik hilabeterako tasa negatiboa jaso zuten abuztuan: uztaileko datuarekin alderatuta, % 0,3 txikiagoa.
KPI harmonizatua
Gainera, KPI harmonizatuak (Euroguneko herrialde guztietako prezioak hartzen ditu kontuan) % 0,5eko beherakada jaso zuen abuztuan. Datua baieztatzekotan, KPI harmonizatuaren urtetik urterako tasak bost hamarren egingo luke behera, aurreko hilabetekoarekin alderatuta.