Ekonomia -
Marsans auzia
5 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Diaz Ferrani
Halaber, Auzitegi Nazionalak 1,2 milioi euroko isuna ezarri dio CEOEko presidente ohiari dirua zuritzea egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidente ohiari, ondasunak ostentzea, iruzurrezko konkurtsoa egitea, talde kriminaleko kide izatea eta dirua zuritzea egotzita. Halaber, Auzitegi Nazionalak 1,2 milioi euroko isuna ezarri dio Marsans bidaia agentzia ondasunik gabe uzterakoan egindako diru-zuritze delituagatik.
Hala erabaki dute Zigor Aretoko hirugarren ataleko magistratuek. Uztailaren 2an egin zen epaiketan bost urte eta erdiko kartzela zigorra onartu zuen Diaz Ferranek. Halaber, Angel Cabo enpresaburuari ere bost urte eta erdiko kartzela zigorra eta 1,2 milioi euroko isuna ezarri dio Auzitegi Nazionalak.
Diaz Ferranek eta Cabok 450.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die Melia Hotels International, Viajes Iberojet, AC Hoteles eta Pullmantur enpresei eragindako kalteengatik. Gainerako bederatzi akusatuei Fiskaltzak egindako zigor-eskaera ezarri die, zehazki, urtebete eta bi urte eta erdi arteko kartzela zigorrak.
Auzitegi Nazionalak azpimarratu du akusatuek delituak egin izana aitortu zutela, beren erantzukizuna onartu zutela eta Marsansen konkurtsoan justiziari lagundu ziotela. Hori dela eta, aringarriak aplikatu dizkie.