Ekonomia -
Balizko salmenta
Jaurlaritzak Sidenorren egoera ‘argitzeko’ eskatu dio Gerdauri
“Kasu onenean ez da ezer gertatuko, ez dute salduko eta egoera horretan geratuko da, baina okerrenean, saltzen badute, ekintza sorta bat hartu behar dugu”, adierazi du Tapiak.
agentziak | erredakzioa
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak Sidenor filialaren egoera "argitzeko" eskatu dio Gerdauri, balizko salmenta "lehenbailehen" iragartzeko edo ukatzeko, alegia.
Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek Tapiak, Gerdauk Sidenor salgai jarri duela dioten informazioen harira.
Sailburuak azpimarratu duenez, albistea "ez dago oraindik baieztatuta", baina "kalean" dagoen informazioa dela eta horrek Jaurlaritza "kezkatu" egiten duela erantsi du.
Horren harira, gertatuko dena "lehenbailehen" jakinarazteko eskatu diote multinazional brasildarrari.
"Kasu onenean ez da ezer gertatuko, ez dute salduko eta egoera horretan geratuko da, baina okerrenean, saltzen badute, ekintza sorta bat hartu behar dugu", adierazi du Tapiak.
Sidenor salgai dagoela baieztatuko balitz, "erosle egokia" bilatu beharko luketela azpimarratu du, Jaurlaritzaren helburua lantegi horiek "Euskadin ekoizten jarraitzea" delako.