Ekonomia -
HAZKUNDEA
Inditex enpresak 2.020 milioi euroko irabaziak izan ditu
Otsailetik urrira arte % 20 egin dute gora konpainia galiziarraren irabaziek. Tarte horretan 13.079 lanpostu sortu ditu mundu osoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2.020 milioi euroko irabazi garbia izan du Inditex konpainiak otsailaren 1etik urriaren 31ra arte: modu horretan, iazko datuekin alderatuta, % 20 egin dute gora enpresaren irabaziek, talde galiziarrak jakitera eman duenez.
Epe horretan, enpresaren salmentak % 16 hazi dira, guztira 14.744 milioi eurokoak izan baitira.
Aldaketa-tasa iraunkorrari dagokionez, salmenten hazkundea % 15ekoa izan da; aldagai hori aintzat hartuta ere, saltokietako salmentek hazkunde adierazgarria izan dute.
Mozkin-marjina gordinak, bestalde, % 16 egin du gora, 8.669 milioi euroko irabaziak lortzeraino.
Ustiapen-irabazi gordina, berriz, 3.328 milioi eurokoa izan da (% 18 gehiago), eta ustiapen-irabazi garbia, 2.583 milioi eurokoa (% 20 gehiago).
Konpainiaren hitzetan, irabazi mailari eta taldeak egindako inbertsioei esker, 13.079 lanpostu sortu dituzte mundu osoan azken hilabeteotan; horietako 3.291, Espainiako Estatuan.