Ekonomia -

Auzitegi Nazionala

'Acuamed auzia'n atxilotutako guztiak espetxeratzeko agindua eman dute

13 atxilotuetatik bost baldintzarik gabe bidali dituzte kartzelara; gainerakoak aske geratu dira, bermea ordainduta.

Guardia zibilak Acuameden aurkako operazioan. Argazkia: EFE
Guardia zibilak Acuameden aurkako operazioan. Argazkia: EFE
Guardia zibilak Acuameden aurkako operazioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali ditu ‘Acuamed auzia’n atxilotutako 13 lagunetatik bost. Gainerako zortziak kartzelan sartzea saihestu dute, 12.000 euro eta 50.000 euro arteko bermeak ordainduta.

Espetxeratutako lau Acuamed enpresako zuzendariak dira: Arcadio Mateo del Puerto zuzendari nagusia, Francisco Javier Gomez Pastor Kontratazio arduraduna, Maria Gabriela Mañueco Ingeniaritza eta Eraikuntza zuzendaria eta Pablo Martin Valentziako ordezkaria. Bosgarren kartzelatua Nicolas Steegmann Altec  konpainiako presidentea da.

Bermerik altuenak Miguel Jurado Fernandez FCC Construcciones enpresako presidenteari eta Justo Vicente Pelegrini Accionako zuzendariari ezarri dizkiete. Arratsalde honetan bertan ordaindu dituzte libre geratzeko 50.000 euroak.

Bermeak ordaindu dituzten gainerako atxilotuak hauek dira: Manuel Moreno Pipelineko presidentea, Santiago Farre eta Miguel Roset FCCko langileak, Javier Delgado Lopez Acuamedeko ordezkaria, Jose Ramon Gonzalez Fernandez Alteceko proiektu zuzendaria eta David Jose Blanca Montero.

Velasco epaileak egun osoa eman du atxilotuekin, deklarazioa hartzeko. Alabaina, atxilotuetako hiruk soilik deklaratu nahi izan dute.

Kontratu publikoak emateko komisioak kobratu  eta guztira 25 milioi euroko iruzurra egin izana leporatzen diote Acuamedi.

Ondoko delituak egotzi dizkiete: talde kriminaleko kide izatea, iruzurra egitea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, sobornatzea, influentzia-trafikoa, kontratu publikoetako prezioak aldatzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Ustelkeria politikoa azken albisteak Gaurko azken ordukoa