Politika -
Ustelkeria
FCCko presidentea, Acuameden aurkako operazioan atxilotutakoen artean
Guardia Zibilak 13 lagun atxilotu ditu guztira, ustelkeriaren aurkako operazioan.
agentziak | erredakzioa
Miguel Jurado FCC Construccion enpresako presidentea eta Justo Vicente Acciona Infraestructura konpainiak Espainian duen Azpiegitura zuzendaria dira Acuamed-en aurkako operazioan atxilotutako 13 pertsonetako bi, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak zuzendutako operazioan, Acuamedeko arduradunez gain, erakunde publikoaren kontratuak jaso dituzten enpresetako arduradunak ere atxilotu dituzte, eta lanpostu batzuetan miaketak egin dituzte.
Erakundeko eta enpresetako goi-kargudunek kontratu publikoetan iruzur egin ote zuten aztertzen ari dira agenteak. Mediterraneoko arroan azpiegitura publikoetan ustelkeria egin izana ikertzen ari dira, hain zuzen ere.
Acuamed da Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro Ministerioak Mediterraneoko arroan lan egiteko duen tresna garrantzitsuena, hori agertzen da behintzat webgunean.
Acuamedek 9,8 milioi euroko mozkinak izan zituen 2014an, eta 3,37 milioi euroko galerak aurreko urtean.
2014an, erakundek 119,971 milioi euroko diru-laguntzak jaso zituen Ministerioaren partetik, eta, 2013an, 76,20koak.