Ekonomia -

ARCELORMITTAL

'Zumarragako plantarako plana' aurkeztuko die Jaurlaritzak langileei

Lehendakariak esan duenez, hainbat euskal erakundek prestatutako bideragarritasun plana aurkeztuko diote langileen batzordeari. Batzordeak, ordea, negoziazio-mahaian parte hartzea eskatu du.

ArcelorMittaleko langileek larunbatean egindako manifestazioa, Zumarragan.
Jaurlaritza Zumarragako ArcelorMittal laguntzeko prest azaldu da

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegirako bideragarritasun plan bat prestatu du, eta bihar bertan emango dio horren berri enpresa batzordeari. Zumarragako  plantako ekoizpenaren zati bat eten egingo duela iragarri zuen joan den astean ArcelorMittalek.

Gasteizen egin du iragarpena Urkulluk, Confebaskeko arduradunekin batera egin duen agerraldian, euskal enpresen artean egindako inkesta baten emaitzak aurkezteko.

Altzairugintzaren alorrak bizi duen krisi sakonari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritza plangintza bat prestatzen ari dela iragarri du Urkulluk. Zumarragako plantari zuzenduta prestatu duten bideragarritasun plana bihar bertan aurkeztuko die langileei Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak.

Batzordea, mahaiaren baitan

ArcelorMittal Zumarragako Langileen Batzordeak helarazi egin dio enpresako Zuzendaritzari negoziazio-mahaian parte hartzeko proposamena, batzordetik Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Batzordeko 13 kideek parte hartzea proposatu dute, CCOOko lau ordezkariek, ELAko laurek, LABeko hirurek eta UGTko biek, Zumarragako plantaren etorkizunaren negoziazioan erabaki ahal izateko.

Halere, aipatutako iturrien arabera, baliteke negoziazioek Aste Santua baino lehen ez hastea, kontuan hartuta Jaurlaritzak gaur bertan proposamena egin duela, bideragarritasun planaren inguruan.

Mobilizazioak

Bitartean, langileek mobilizazioei eutsiko diete datozen egunetan Zumarragoko lantegiaren alde eta euren eskubideen defentsan.

Arratsalde honetan auto-ilara egin dute Olaberria eta Bergarako lantegietara; asteazkenean 24 orduko lanuztea deitu dute eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute; datorren larunbaterako, berriz, manifestazioa antolatu dute, Donostian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Zumarraga argazkiak Gaurko azken orduko albistea