Itxi

Ekonomia

Zumarragako Arcelorren itxiera

Aurrerapenik ez, Arcelor eta batzordearen arteko bigarren bileran

eitb.eus

Langileen ordezkariek informazio gehiago eskatu diote zuzendaritzari, eta enpresak, aldiz, egindako proposamenari eusten dio: 8 langilek jarraitzea Zumarragan, eta 268 Asturiasera eramatea.

1:30

Ez da aurrerapenik izan. ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegiaren itxiera partzialeko kontsulta-epeko bigarren bilera aurrerapenik gabe amaitu da. Hortaz, ez dago ia ezer berririk enpresa eta langileen ordezkarien arteko negoziazioetan.

Bilera Zumarragako lantegian egin dute (Gipuzkoan), eta bi orduko iraupena izan du. Enpresa-batzordeak informazio gehiago eskatu dio talde siderurgikoaren zuzendaritzari, EFEri batzordearen iturriek esan diotenez.

Gainera, zuzendaritzak ez du aldatu joan den astean egindako proposamena, alegia, Zumarragako txatar-parkea uztea, 8 langilerekin, Asturiasera 268 langile eramatea, 50 langile Euskadiko beste lantegietara eramatea, eta 24 langileri aurreratutako erretiroak eskaintzea.

Batzordeak informazio gehiago eskatu du

Enpresa-batzordeak informazio gehiago galdegin du, baina zuzendaritzak Roland Berger aholkularitzak egindako txostenari lotu zaio; aipatu txostenaren arabera, Gipuzkoako lantegiaren egoera hainbat faktorek eragin dute, hala nola siderurgia-industrian mundu-mailan dagoen gehiegizko gaitasuna, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik egindako inportazioak gero eta ugariagoak direla, eta energiaren prezio altua.

Txosten hau joan den astean eman zion enpresak batzordeari, egindako lehen bileran, apirilaren 7an.

Zuzendaritzak arbuiatu du informazio ekonomiko gehiago batzordeari ematea, eta, ondorioz, langileen ordezkariek bukatutzat eman dute bilera. Hala baieztatu dute batzordeak eta enpresak.

Beharginen ordezkarien iritziz, ez dago bestelako aukerarik aztertzerik edo inolako proposamenik egiterik, baldin eta multinazionalak ez badu informazio gehiagorik ematen.

Zuzendaritzak, ordea, uste du ez duela zertan eman langileek eskatzen duten informazio ekonomiko hori.

Espero zuten lanpostu berrien gainean negoziatzen hastea

ArcelorMittalen iturriek azaldu dute espero zutela bileran lanpostu berrien gainean negoziatzen hastea, baina, nola ez duten ekonomia-informazio zabalagorik eman, batzordeko ordezkariak mahaitik altxatu dira.

Bi aldeek adostu dute ostiral goizean egingo dutela beste bilera bat, Zumarragako lantegian.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena