Ekonomia -

Zumarragako Arcelorren itxiera

Ehunka lagun, Zumarragako Arcelor Mittalen itxieraren aurka

Langileek 24 orduko lanuztea egin dute astearte honetan, eta senideen eta Urretxuko eta Zumarragako bizilagunen babesa izan dute manifestazioan.

Zumarragako Arcelor lantegiko beharginen manifestazioa. Argazkia: eitb.eus
Zumarragako Arcelor lantegiko beharginen manifestazioa. Argazkia: eitb.eus
Arcelorreko langileek milaka herritarren babes zabala jaso dute

1:15

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako Arcelor lantegiko beharginek protesta eguna dute izan dute. 24 orduko lanuztea egin dute eta, 18:00etan, manifestazioa egin dute, 'Arcelor Zumarraga ez itxi' lelopean, fabrikaren bideragarritasuna exijitzeko.

Mobilizazioa Urretxun hasi da eta Zumarragako lantegiaren aurrean amaitu da. Manifestazioaren buruan langileak joan dira, haien senideek eta lagunek babestuta. Ehunka herritarrek ere parte hartu dute manifestazio jendetsuan.

Zuzendaritzak atzo gauean abiarazi zuen lantegia ixteko prozesua, labea geldituta. Datorren astean itxiko dute laminazio trena, eta, aurrerantzean, txatarra parkea solik geratuko da zabalik; bertan zortzi behargin arituko dira bakarrik.

Leo Bote enpresa-batzordeko presidenteak Radio Euskadin jakitera eman duenez, Olaberriako eta Bergarako lankideek ere lau orduko lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 16:00etara, eta Gijongo eta Avileseko lantegietan ere elkarretaratzeak egin dituzte.

Olaberriako eta Bergarako fabriketako beharginak auto-ilaran joan dira Zumarragako lantegira arte, bertako langileen elkarretaratzearekin bat eginez, 13:00etatik 15:00etara.

Bestalde, enpresa-batzordeak  datozen asteetan mobilizazio gehiago egitea adostu du, Zumarragako lantegiaren bideragarritasuna defendatzeko. Gauzak horrela, apirilaren 20an greba orokorra deitu dute Urola Garaian, eskualdearen babesa lortu asmoz.

Horrez gain, sindikatu guztiek, euskal industriaren defentsan, modu bateratuan apirilaren 23an Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egingo dutela iragarri dute. "Han izango gara, gure laneko arropekin eta gure aldarrikapenekin", erantsi dute.

Bilerak

Bestalde, asteazkenean dute bigarren bilera zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, baina, gauzak dauden bezala, gehiago ematen du langileen egoeraz eta beste lanpostu bat emateaz hitz egiteko izango dela. Hala, asteazkenean berriz bilduko dira 15:30ean, eta ostiralean 11:00etan.

"Inbertsioekin lantegia errentagarria" izan daitekeela esan dute beharginek behin eta berriro. Multinazionalaren ustez, aldiz, "ezinezkoa" da Zumarragako fabrika lehiakorra izatea. Horregatik, langile gehienak Asturiasen dituen lantegietara eramatea planteatu du konpainiak, eta gainerako beharginei EAEko fabriketan lanpostu berri bat ematea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin ere bilera egitekoa du zuzendaritzak, baina ez dute noiz bilduko diren zehaztu, batzarra diskrezioz egin nahi dutelako. Erakundeek langileekin batera egindako agiria aurkeztuko dio Exekutiboak zuzendaritzari, lantegia zabalik jarraitzea posible dela konbentzitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Grebak albisteak Lana albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Zumarraga argazkiak Gaurko azken ordukoa Burdingintza Goierri