Ekonomia -

12:00etan

Manifestazioa egingo dute gaur Bilbon, euskal industriaren defentsan

ELA, LAB, CCOO eta UGTk  manifestazio bateratua deitu dute, euskal industriaren defentsan, eta azkenaldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta kaleratzeen kontra.

Arcelor Mittaleko langileek Zumarragan egindako manifestazioa.
Euskal industriaren aldeko manifestazioak jendetza bildu du Bilbon

3:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazio bateratua deitu dute gaurko Bilbon, euskal industriaren defentsan eta azken aldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta murrizketen aurka -altzairuaren sektorekoak, kasu-.

Manifestazioa eguerdiko hamabietan aterako da Jesusen Bihotza plazatik "Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde" lelopean. eta Steilas, ESK edota LSB-USO sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Aipaturiko sindikatuetako metalgintzako federazioen ekimenez antolatu dute mobilizazioa, euskal altzairugintzak bizi duen egoera zailaren harira; une honetan ekoizpena etenda duten ArcelorMittal Sestao eta ArcelorMittal Zumarraga lantegiak horren lekuko.

Manifestazioaren buruan euskal industriako langileak joango dira eta eurek eramango dute mobilizazioko pankarta nagusia.

Halaber, lan gatazkak pairatzen ari diren langileek ere beren mezuak lau haizeetara zabalduko dituzte Bilboko kaleetan. Mobilizazioa Arriaga antzokiaren parean amaituko da eta bukaeran bi langilek komunikatu bat irakurriko dute.

Langileez gain, gaurko manifestazioan izango dira ELAko Batzorde Exekutiboa, Unai Sordo Euskadiko CCOO-eko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusia.

Gaurko manifestazioak euskal industriaren "babes zabala" jaso duela esan dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu deitzaileek. Horien esanetan, ehunka enpresatako batzordeek bat egin dute deialdiarekin, euskal industriaren defentsan eta azkenaldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta kaleratzeen kontra. Besteak beste, ondorengo enpresen babesa jaso dute: Mercedes Benz, Aernnova, Gerdau, CAF, Arcelor Mittal Zumarraga, Arcelor Mittal Sestao, Bellota, Bridgestone, Tubacex, Vidrala, CIE, Michelin, Olarra, Petronor, Gestamp, Mecanicas Mallabia, Vicinay, Negarra, Cegasa eta Condesa.

ELAren hitzetan, industriaren etorkizunaren inguruan langileek duten kezka agerian uzten du azken asteotan jasotako babesak. Inoiz baino garrantzitsuagoa da, sindikatuaren esanetan, azkenaldian iragarritako itxierei eta murrizketei erantzun bateratua ematea. Biharkoa industria jasangarri baten aldeko eta enplegu duinen aldeko oihua izango dela gaineratu du ELAk.

LABek ere biharko protestan parte hartzeko deia egin du, "industria politika erreal baten alde". Euskal Herriko enpresen inguruko erabakiak inbertsio.funtsetan eta multinazionaletan ari dira hartzen, enpresa horietako akziodunen mesedetan, LABen arabera. "Geroz eta euskal enpresa gehiago daude multinazionalen eta inbertsio-fondoen esku", salatu du LABek.

CCOOk ildo beretik hitz egin du. Biharko manifestazioak euskal gizartearen babes sendoa jasoko duela nabarmendu du, eta politika egiterakoan erakundeek hori kontuan hartu beharko luketela. Enpresa handientzat eta txikientzat "industria politika erreala" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari CCOOk.

UGTk ere euskal industriaren aldeko aldarri bateratua kalera ateratzeko ordua dela iritzi dio. Horretarako, biharko martxan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak gaur