Ekonomia -

Makina Erreminta

Makina Erremintaren Biurteko Azokak 1.533 enpresa hartuko ditu

29. edizioa izango da aurtengoa. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, gutxienez 36 milioi euroko eragina izango du azokak, eta 1.000 enplegu inguru sortuko ditu.

Astelehenean hasiko da azoka BECen Argazkia: BIEMH
Astelehenean hasiko da azoka BECen Argazkia: BIEMH
Bihar zabalduko ditu ateak bienalak

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina Erremintaren Biurteko Azokaren (BIEMH) 29. edizioak 27 herrialdetako 1.533 enpresa hartuko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 4ra, Barakaldoko BEC! erakustazokan.

Gaur egingo da irekiera-ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan dela. Aurreikuspenen arabera, 36 milioi euroko eragina izango du azokak, eta 1.000 enplegu sortuko ditu.

Aurten, guztira, 2.605 produktu erakutsiko dituzte, eta tamaina handiko 1.163 makina egongo dira ikusgai, martxan.

Biurtekoarekin batera, ADDIT3 fabrikazio adimentsuaren lehen azoka eta WORKinn foroa ere egingo dira erakustazokan bertan. Azken horrek gazteei zuzendutako lana eta formazioa uztartu, eta 100 enplegu baino gehiago eskainiko ditu.

BIEMH azoka Bilbao Exhibition Centrek eta Makina-Erreminten, Osagarrien, Osagaien eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AFM) antolatzen dute, Makina-Erreminta Inportatzaileen Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Erakusketako eremu nagusiak hauek izango dira: makina-erreminta, bestelako makinak, erremintak, piezak, osagaiak eta osagarriak, ekoizpen-sistemen automatizazioa, fabrikaziorako softwarea, metrologia eta kalitate-kontrola, zerbitzuak eta faktoria digitala.

Alemania, Italia, AEB, Suitza, Taiwan, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Portugal, Austria, Suedia eta Herbehereetako enpresa erakusketariek Biurtekoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Besteak beste, Amob, Adige, BLM, Carl Zeiss, Cytec, Flow Europe, Haas, Haimer, Hoffmann, Mmc Hitachi, Nukon Laser Makina, Salvagnini, Siemens, Tornos, Trumpf, VRC eta ZCC Cutting Tools Europe enpresak izango dira erakusketa honetan ordezkatuta. Antolatzaileen arabera, Iranek, Estatu Batuek, Alemaniak eta Indiak interes berezia agertu dute BIEMHen parte hartzeko.

Enpresen % 36k automobilgintzako konponbideak eskainiko dituzte, % 24k aeronautikakoak, % 20k harroketa-lanen azpikontrataziokoak, % 18k txapa-lanen azpikontrataziokoak, eta % 16k makineriaren fabrikaziokoak. Burdingintza, energia, ekipo-ondasunak, trenbideak, elektrizitatea-elektronika eta etxetresna elektrikoak sektoreek ere euren fabrikazio-prozesuetarako balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu espezializatuak aurkituko dituzte erakusketan.

BIEMH 2016 azokan, Fabrikazio Aurreratuko Teknologietan Berrikuntzaren 12. Sari Nazionala banatuko da, makina-erremintetako, osagaietako, osagarrietako eta erremintetako berrikuntzak aitortzeko, baita fabrikazio gehigarriarekin eta 4.0 kontzeptuak txertatzearekin loturikoak ere.

WORKinn

BIEMH eta ADDIT3D azokekin batera, ekimen berri baten lehen edizioa egingo da: WORKinn, industriaren sektoreko lan-arloa ezagutzeko foroa. WORKinn foroaren helburuak lan bila dabiltzan profesionalen eta enpresen arteko topagunea izatea, lanean hastea sustatzea, talentuaz jabetzea, enpresei beren beharrei egokitutako profilak hurbiltzea eta enplegagarritasuna handitzea dira, lan-aholkularitzaren eta ikasleei eta profesionalei begirako prestakuntza-eskaintza zabalaren bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilboko azken albisteak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo EAE Bilbao Exhibition Centre Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Enpresak Industria