Ekonomia -

Makina Erreminta

Abian da 2008tik izango den Makina Erremintaren Biurteko Azoka 'onena'

29. edizioa izango da aurtengoa. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, gutxienez 36 milioi euroko eragina izango du azokak, eta 1.000 enplegu inguru sortuko ditu.

Astelehenean hasiko da azoka BECen Argazkia: BIEMH
Astelehenean hasiko da azoka BECen Argazkia: BIEMH
Makina Erremintaren Biurteko Azoka inauguratu du lehendakariak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina Erremintaren Biurteko Azokaren (BIEMH) 29. edizioak 27 herrialdetako 1.533 enpresa hartuko ditu gaurtik ekainaren 4ra, Barakaldoko BEC! erakustazokan.

Gaur egin dute irekiera-ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Aurreikuspenen arabera, 36 milioi euroko eragina izango du azokak, eta 1.000 enplegu sortuko ditu.

Aurten, guztira, 2.605 produktu erakutsiko dituzte, eta tamaina handiko 1.163 makina egongo dira ikusgai, martxan.

Biurtekoarekin batera, ADDIT3 fabrikazio adimentsuaren lehen azoka eta WORKinn foroa ere egingo dira erakustazokan bertan. Azken horrek gazteei zuzendutako lana eta formazioa uztartu, eta 100 enplegu baino gehiago eskainiko ditu.

BIEMH azoka Bilbao Exhibition Centrek eta Makina-Erreminten, Osagarrien, Osagaien eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AFM) antolatzen dute, Makina-Erreminta Inportatzaileen Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Erakusketako eremu nagusiak hauek izango dira: makina-erreminta, bestelako makinak, erremintak, piezak, osagaiak eta osagarriak, ekoizpen-sistemen automatizazioa, fabrikaziorako softwarea, metrologia eta kalitate-kontrola, zerbitzuak eta faktoria digitala.

Alemania, Italia, AEB, Suitza, Taiwan, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Portugal, Austria, Suedia eta Herbehereetako enpresa erakusketariek Biurtekoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Besteak beste, Amob, Adige, BLM, Carl Zeiss, Cytec, Flow Europe, Haas, Haimer, Hoffmann, Mmc Hitachi, Nukon Laser Makina, Salvagnini, Siemens, Tornos, Trumpf, VRC eta ZCC Cutting Tools Europe enpresak izango dira erakusketa honetan ordezkatuta. Antolatzaileen arabera, Iranek, Estatu Batuek, Alemaniak eta Indiak interes berezia agertu dute BIEMHen parte hartzeko.

Enpresen % 36k automobilgintzako konponbideak eskainiko dituzte, % 24k aeronautikakoak, % 20k harroketa-lanen azpikontrataziokoak, % 18k txapa-lanen azpikontrataziokoak, eta % 16k makineriaren fabrikaziokoak. Burdingintza, energia, ekipo-ondasunak, trenbideak, elektrizitatea-elektronika eta etxetresna elektrikoak sektoreek ere euren fabrikazio-prozesuetarako balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu espezializatuak aurkituko dituzte erakusketan.

BIEMH 2016 azokan, Fabrikazio Aurreratuko Teknologietan Berrikuntzaren 12. Sari Nazionala banatuko da, makina-erremintetako, osagaietako, osagarrietako eta erremintetako berrikuntzak aitortzeko, baita fabrikazio gehigarriarekin eta 4.0 kontzeptuak txertatzearekin loturikoak ere.

BIEMH eta ADDIT3D azokekin batera, ekimen berri baten lehen edizioa egingo da: WORKinn, industriaren sektoreko lan-arloa ezagutzeko foroa. WORKinn foroaren helburuak lan bila dabiltzan profesionalen eta enpresen arteko topagunea izatea, lanean hastea sustatzea, talentuaz jabetzea, enpresei beren beharrei egokitutako profilak hurbiltzea eta enplegagarritasuna handitzea dira, lan-aholkularitzaren eta ikasleei eta profesionalei begirako prestakuntza-eskaintza zabalaren bitartez.

Tapia

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak esan du Biurteko azoka "azken urteotako onena" dela eta "ia krisiaren aurrekoen parekoa" dela.

Sailburuak esan du ikusten zela joera "oso positiboa" izango zela, beraz, ez duela harritu. Era berean, Tapiak uste du Biurtekoak agerian uzten duela euskal industria "prest" dagoela etorkizunerako.

Tapiak azpimarratu du aurtengo edizioa "ikusgarria" dela, eta "erakusleiho bikaina" dela.

Azaldu duenez, azokan "munduan datorkigun guztia" ikusi ahal izango da, 4.0 industriari erreferentzia eginez, eta "ikusi eta ukitu" ahalko da.

Arcelorreko langileen protesta

Iñigo Urkullu lehendakaria, BECen bertaratu denean, Sestaoko eta Zumarragako langileak elkarretaratzea egiten ari ziren, eta lantegi horien irtenbidea "agian beste inbertitzaile batzuk" izan dezaketela helarazi die.

Bestalde, bi lantegietako batzordeek gutuna eman diote lehendakariari inplikazio handiagoa eskatzeko. Gutunean, Bizkaiko langileen ordezkariek Desjabetze Legea erabiltzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Urkulluk bi lantegietako ordezkariekin hitz egin du, eta langileen ordezkariek bizi duten egoeraz ohartarazi eta babes handiagoa eskatu diote.

Horren aurrean, lehendakariak erantzun die Arcelorri ekimenak proposatu dizkiotela, eta ez dutela irtenbidea bilatzeko lanean etsiko. Era berean, lantegi horien irtenbidea "agian beste inbertitzaile batzuk" izan dezaketela helarazi die.

Gainera, Jaurlaritzaren babesa ez dela soilik "sinbolikoa" azaldu die, proposamenak egin dizkiotela Arcelorri, tartean "beste jabe edo inbertitzaile batzuei" begira.

Langileek adierazi diote denborak aurrera egiten jarraitzen duela eta "ongi" dagoela erakundeen babesa, baina "harago" joan behar dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilboko azken albisteak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Industria albisteak