Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Enplegu politiken alorrean "itun lotsagarria" espero du Erkorekak
Diputatuen Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak ohartarazi du Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua "akordio lotsagarria prestatzen" ari direla enplegu politika aktiboen eskumaren inguruan.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ohartarazi du Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua "akordio lotsagarria prestatzen" ari direla enplegu politika aktiboen eskumena EAEren esku uzteko.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Erkorekak adierazi duenez, euskal herritarren interesak "Madrilen babesten dituen bakarra" da EAJ.
Enplegu politika aktiboen eskumenari buruzko negoziaketei buruz galdetuta, Erkorekak esan du Espainiako Gobernuak ez diela informaziorik eman, "nahiz eta horretarako konpromisoa hartu zuten, eta horregatik "zerbait ezkutatzen ari dela edo zerbait gaizki doala" uste dute.
Patxi Lopez lehendakariari buruz, Erkorekak adierazi du lehendakariaren presentzia "hutsala" dela, "eztabaidetan ez da ageri eta agertzen denean gaizki egiten du, enplegu politika aktiboen eskumenaren kasuan adibidez".
Gainera, ez duela Euskadi babesten eta "PPren menpe" dagoela iritzi dio. Horren harira, "euskal herritarren interesei buruzko eztabaidak sustatzen dituen alderdi bakarra" EAJ dela ziurtatu du.
Zapatero
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaz esan du "inkonpetentzia ikaragarri handia" erakutsi duela ekonomia krisiari aurre egiterakoan.
Azpimarratu duenez, Rodriguez Zapatero "ukituta dago, bere irudia desagertu egin da eta kudeaketa ekonomikoa hain izan da txarra, hauteskundeetarako aurreikuspenei kalte egin diezaiokela".
Erkorekak PP ere kritikatu du, "anbiziorik gabeko" alderdia delakoan, izan ere, "ez PPk ez PSOEk ez dute haien proeiktuan sinesten eta etsaiaren porrotaren zain daude irabazteko".