Ekonomia -
kontrako ahotsak
Itun Transatlantikoari buruzko negoziazioak uztea eskatu du Frantziak
Kanpo Merkataritzako Estatu idazkariaren esanetan, negoziazioak "opakutasunez" egin dituzte eta "mesfidantza eta beldurra" eragin dute.
agentziak
Frantziak Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren (TTIP) inguruan AEBrekin hasitako negoziazioen bukaera "garbia eta behin betikoa" eskatuko die EBko gainerako herrialdeei, gaur, asteartea, Matthias Fekl Kanpo Merkataritzako Estatu idazkariak iragarri duenez.
"Geldialdi garbia, argia eta behin betikoa egin behar da", azpimarratu du Feklek RMC irratiak egindako elkarrizketan. Negoziazioak hasieratik "opakutasunez" egin dituztelako eta "mesfidantza eta beldurra" eragin dutelako justifikatu du jarrera hori.
Frantziako Estatu idazkariak zehaztu duenez, berak egingo du eskaria irailaren amaieran Bratislavan Europar Batasuneko Kanpo Merkataritzako buruek egingo duten batzarrean.
Feklen ustean, egungo egoera politikoan negoziatzaileek ezin dute biltzen jarraitu. Hori dela eta, Frantziak prozesua etetea eskatu du, etorkizunean "negoziazioak berria abiatu ahal izateko Estatu Batuekin, beste oinarri batzuekin".
Alemanian ez dago adostasunik
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Sigmar Gabriel Alemaniako Ekonomia ministroak ez bezala, posible ikusten zuen AEBren eta EBren arteko sinadura. Gabrielek, baina, bukatutzat eman zituen negoziazioak.
Steffen Seibert Gobernuko bozeramaileak prentsaurreko batean esan zuenez, "behin-behineko balantzea gauza bat da", baina "negoziazioak oraindik ez dira bukatu".
"Negoziatzen jarraitzea zuzena da", esan zuen Seibertek, eta ingurumenaren babesaren eta kontsumitzailearen eskubideen inguruan "iritzi kontrajarriak" daudela onartu zuen.