Ekonomia -
Enplegu publikoa
Udaltzain izateko 72 lanpostuko LEPa Euskadin: epea, zabalduta
EAEko 12 udalerritan handituko dituzte Udaltzaingoan langileen kopurua, egingo den lehen prozesu publiko bateratuan. Izena emateko epea urriaren 1ean bukatuko da.
agentziak | erredakzioa
Gaur, osteguna, zabalduko da Udaltzaingoaren LEP bateratuaren lehenengo deialdia, eta, horrekin, Euskadiko 12 udaletako 72 plaza betetzeko prozesuan izena emateko epea.
Asteazkenean argitaratu zuten EHAAan deialdi publiko ofiziala, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak modu bateratuan egiten duen hautaketa prozesua da, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
"Udaltzaingoetan sartzeko eta hautaketa egiteko prozesuak sinplifikatu eta bateratzea da deialdi bateratuaren helburuetako bat, hautaketa-profil bera aplikatuz eta gainkostu-arazoak saihestuz efizientzia administratibo hobea lortze aldera", esan du Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak, eta gogora ekarri du zer-nolako zailtasunak izaten dituzten udalerri txikiek langile eta material espezializatuak izatea eskatzen duten era honetako probak egiteko.
Ekimena Segurtasun Sailak jarri du abian Eudelen laguntzaz eta udalek eskatuta, eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren. Udalerriek kudeaketa-agindu bat onartu behar izan dute aldez aurretik prozesua bera Arkauteko Akademiaren esku uzteko, adostutako oinarri batzuk ezarrita eta deituko dituzten plazak zehazteko Lan Eskaintza Publikoa onartu eta argitaratu ondoren.
Azkenean Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteen 72 plaza deitu dira orotara, eta honako udalerri hauetan: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).
Lau froga egin beharko dituzte hautagaiek
Bai aginduan bertan, baita oinarrietan ere, udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izan dituzte, besteak beste, hizkuntza eskakizuna eta gidabaimen-motak, eta halaxe dago zehaztuta Akademiaren deialdian ere.
Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta aurrez aurreko elkarrizketa ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.
Ondoren, hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira eta prestakuntza-ikastaro bat egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, gehienez ere 30 hilabetekoa.
Lehenengo hautaketa-prozesu bateraturako izena emateko epea urriaren 1ean amaituko da, eta aurreikusten da probak azaroan hastea eta Akademiako prestakuntza-ikastaroa 2018ko urtarrilean egitea.