Ekonomia -
Martxa Zalla eta Gueñes artean
CELen itxieraren aurka 'jarrera aktiboa' izatea eskatu diete erakundeei
Enpresa "bideragarria" dela diote papergintza enpresako langileek, eta egungo egoera erantzuleen "kudeaketa txarraren" ondorioa dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Jarrera aktiboa" izateko deia egin diete CEL papergintza enpresako langileek erakundeei, Enkarterrietako "azken industria-enpresa handiaren" itxiera ekiditeko asmoz.
3.000 lagun inguruk, antolatzaileen aburuz, parte hartu dute Zalla eta Gueñesen artean CEL Taldearen enpleguen alde izandako manifestazioan. Lurraldeko Udalek eta 100 bat elkarte kulturalek, sozialek eta alderdi politikoek babestu dute martxa. Mobilizazioaren leloa izan da 'Enkarterrin, industriarik gabe, etorkizunik ez'.
Martxa Gueñeseko Udaletxean amaitu dute, eta langileek agiria irakurri dute, Zallan, Gueñesen eta Artziniegan kokatutako lantegien itxieraren kontra "erakundeen jarrera aktiboagoa" aldarrikatzeko.
Enpresak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen joan den uztailean, eta langileek adierazi dutenez, horrek 254 lanpostuetatik 211 desagertzea ekarriko du, eta baita "lurraldeko azken industria-enpresa handiaren itxiera" ere.
Gainera, lurraldeak bizi duen "egoera kritikoa" salatu dute, "industria-politika faltagatik". Enkarterrietan eta Aialako bailaran "lanpostu gehien eskaintzen dituen enpresa CEL da.
Enpresa "bideragarria" dela diote papergintza enpresako langileek, eta egungo egoera erantzuleen "kudeaketa txarraren" ondorioa dela.