Ekonomia -

Osoko Bilkura

Legebiltzarrak industriaren etorkizuna bermatzeko irtenbideak eskatu ditu

Ganbera kezkatuta azaldu da, ikusirik zein den Euskadiko hainbat enpresa pairatzen ari diren egoera; adostutako testuaren arabera, egoera hori "larria" da.

Minutuko isilunea egin dute, Bilkuraren hasieran, azken hilketa matxistagatik. Argazkia: EFE.
Minutuko isilunea egin dute, Bilkuraren hasieran, azken hilketa matxistagatik. Argazkia: EFE.
Minutuko isilunea egin dute, Bilkuraren hasieran, azken hilketa matxistagatik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarra kezkatuta azaldu da gaur, Euskadiko hainbat enpresa pairatzen ari diren egoera kontuan izanik, eta adierazi du erakundeei dagokiela industriaren etorkizuna bermatzeko irtenbideak topatzea, bakoitzak bere eskumenak erabiliz.

Eusko Jaurlaritzan dauden EAJk eta PSE-EEk atera dute aurrera ekimen bat, gaurko Bilkuran, PPren babesarekin, ildo horretan. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, aldiz, aurkako botoa eman dute; EH Bilduk zuen aurkeztuta lehen proposamena.

Azken bi alderdi horiek testu bat zuten adostuta ; bertan, Jaurlaritzaren lana gaitzesten zuten, eta deitoratzen zuten Euskadin ez dagoela, haien iritziz, industria-planik. EAJk, PSE-EEk eta PPk, aldiz, ez dute onartu testu hori.

Azkenean onartutako testuak zortzi puntu ditu; horien artean, eskatu egiten zaio Eusko Jaurlaritzari industria-jarduera berreskuratzeko eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzan, xede izanik krisiaren eragina ahalik eta txikiena izatea.

Enpresa batzuk beste toki batera joateko aukeraren aurrean, eta lana suntsitzeko arriskua dela eta, Legebiltzarrak, halaber, eskatzen dio Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretako Sailari berriz aztertzeko tartean dauden enpresekin dituen kontratuak, laguntzak edo diru-laguntzak.

Erakundeei eta tartean dauden agente guztiei, bestalde, galdegiten die elkarrekin eta aktiboki lan egiteko, produkzioa bermatzeko, eta krisian dauden enpresetako zuzendaritzei eta jabeei, aldiz, ahaleginak egiteko euren lantegietako jarduerari eusteko.

Euskal sare industrialarekin duen konpromisoa berretsi du Legebiltzarrak, bai eta kaltetutako langileekiko elkartasuna eta laguntza ere.

Hainbat ikuspegi, alderdien artean

Eztabaidan, EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritza kritikatu du; izan ere, Casanovaren ustez, Jaurlaritzak ez dio behar bezala erantzun La Naval, CNA edo CEL, besteak beste, pairatzen ari diren egoerari, eta, gainera, ez du industria-politikarik, ezta lidergorik ere.

Horrez gain, esan du Eusko Jaurlaritzak egiten duela patronalak esaten duen hori.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandez ere ildo horretan bertan ibili da; haren esanetan, arazo estrukturala dago euskal industrian, ez egoeraren araberakoa Jaurlaritzak dioen bezala, eta esan du "argazki asko" eta "propaganda handia" daudela enpresak irekitzen direnean, baina informazio gutxi, aldiz, diru publikoarekin egiten denaren gainean.

EAJko Luis Javier Telleriak salatu du EH Bilduren hitzaldi "oportunista"; izan ere, "enpresa gutxi batzuen egoeraren araberako unean oinarritu da, egoera tragikoa islatu du, eta, gainera, hori guztia Eusko Jaurlaritzaren errua dela" dio hitzaldi horrek.

"Herrialdea ez da hondoratzen ari", esan du Telleriak; dena den, onartu du Jaurlaritza "kezkatuta" dagoela, "kalteak ahalik eta txikienak izateko" lanean dagoela, eta industria-plana duela.

PSE-EEko Susana Corcuerak nabarmendu du bere alderdiak konpromisoa duela egoera zaila pairatzen ari diren enpresekin, eta sindikatuei eskatu die elkarrizketa sozialean parte har dezaten.

PPko Anton Damboreneak esan du errazagoa litzatekeela enpresarien eta sindikatuen arteko elkarrizketa eta akordioa egongo balitz, baina Eusko Jaurlaritzari kritika egin dio; izan ere, haren iritziz, ez du argi nondik jo industria-politikaren arloan.

La Navaleko langileak: "Hitz politak, baina ekintza gutxi"

Krisian dauden hainbat enpresako langileak ere izan dira Legebiltzarrean, Ganberak puntu hau eztabaidatu duenean.

Bozketak amaituta komunikabideei egindako adierazpenetan, Sestaoko ontziolako langile batek esan du "hitz politak" entzuten jarraitzen dutela, baina hori besterik ez, alegia, EAJk eta PSE-EEk ez dutela gauzatzen haien aldeko ekintzarik. Berretsi du atzo Enpresa Batzordeak eskatutakoa: negoziazio-mahaia behar dela, Estatu espainiarreko Gobernua eta Eusko Legebiltzarra tartean daudela, sindikatuekin batera, La Navalentzako industria-plana adostea xede.

"Hona gatoz, eskua bizkarretik pasatzen dizute, baina, oraingoz, ez mahairik ez beste ezer, eta horixe behar dugu", amaitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa Industriaren azken ordukoak