Ekonomia -

Zerga-erreforma

Berrikuntza funtsetako ekarpenek 750 eurorainoko kenkaria izango dute

EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga-erreformaren berritasunetako bat da; aurreproiektua ostegun honetan jarri dute Foru Aldundiek gardentasun atarietan. Confebaskek erreforma kritikatu du.

EAJk eta PSEk azken hilabeteetan izandako bileretako bat. Argazkia: EiTB.
EAJk eta PSEk azken hilabeteetan izandako bileretako bat. Argazkia: EiTB.
EAJk eta PSEk azken hilabeteetan izandako bileretako bat. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuotan % 15eko kenkariak izango dira berrikuntza sustatzea xede duten inbertsio-funtsetan dirua sartu dutenentzat, EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga-erreformak aurreikusitakoaren arabera. Urteroko muga 750 eurokoa izango da, gehienez.

Erreforma horrek dakartzan berritasunetako bat da hori. Foru Aldundiek euren gardentasun atarietan erakutsi dute aurreproiektua, eta hamabost eguneko epe bat abiatu da, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko proposamen horri.

Arau berriak ez du funtsean indarrean dagoena aldatuko, batez ere partikularrentzat; izan ere, PFEZaren eta Sozietateen zerga-tasek orain arte bezala jarraituko dute.

Partikularrentzako berritasunen artean, azpimarratzeko modukoa da aipatutako kenkaria, alegia, enpresetako berrikuntza finantzatzea xede duten inbertsio-funtsetako ekarpenengatik egin ahal izango dena. Urteko gehienez 5.000 euroko ekarpena egin ahalko da; hortaz, 750 eurorainoko kenkaria izango da, gehienez ere.

Erosketa ez da zertan zuzenean egin; izan ere, funtsa horiek erostea finantzatzen duten kreditu-erakundeei ere ezarriko zaie. Hortaz, banketxearen bidez ere egin ahalko da. Baldintza bat izango da: bost urtean eutsi beharko zaio jarritako diruari edo hartutako partizipazioari. Hori bai, hartutako partizipazioen gaineko Ondare Zergan salbuespena izango da.

PFEZean beste berritasun batzuk ere izango dira; besteak beste, kenkari gehiago izango dira jarduera ekintzailea sustatzeko eta enpresa-egitasmo berriak ezartzeko. Horrela, zergadunek % 10eko kenketa egin ahalko dute sortu berri diren edo duela gutxi sortu diren enpresa txikien eta ertainen akzioak edo partizipazioak erosteko erabilitako diru-kopuruan; gehienezko oinarria 100.000 eurokoa izango da. Kenkari hori % 20raino hel daiteke, 150.000 euroko gehienezko oinarria duela, enpresa berri horiek berriztatzaileak izanez gero.

Enpresentzako zerga-sistema, zorrotzagoa

Enpresentzako zerga-sistema, aldiz, zorrotzagoa izango da; izan ere, sozietate-zergak % 28koa izaten jarraitu arren, mugak izango dira zerga-oinarri negatiboak konpentsatu eta kenketak aplikatzeko.

Arau aldaketa horren helburua "zerbitzu publikoen emate-mailari eustea eta zerga-sistemaren biltzeko gaitasunari laguntzea" da.

Mugak izango dira negatiboak diren zerga-oinarrien konpentsazioan; orain arte, enpresek aukera izan dute aurreko urteetako galerak onurak izandako urteak erabiliz konpentsatzeko, eta, hortaz, irabazien gaineko zergak murrizten zituzten.

Orain, aldiz, enpresa txikiek % 80ko mugarekin aplikatu ahal izango dute konpentsazio-erregimen hori; gainerakoek % 60ko muga izango dute. Gainera, kenkariak aplikatzeko kuota likidoaren mugak % 40ra egingo du behera, egungo % 45etik.

Enpresentzako beste aldaketa bat enplegua sortzeagatik kenkarian izango duten gorakada da; egonkortasunarekin eta soldatarekin lotuta izango da gainera.

Gipuzkoan 2012an Bilduk eta PSE-EEk sortutako aberastasunen eta ondasun handien gaineko zerga ondare-zerga izango da aurrerantzean, Bizkaiko eta Arabako Ogasunek dutenarekin bat egiteko.

Zergaren prezioaren taula, hemendik aurrera, Arabakoaren berdina izango da, eta duela bost urte kendutako "ezkutu fiskala" berreskuratuko dute. "Ezkutu" horren bidez, zergadun batek, gehienez, bere irabazien % 65 ordainduko ditu, PFEZean eta Ondarean; orain arte, aldiz, gehiago ordaintzeko aukera ere bazegoen.

Berritasun horiek guztiak Batzar Nagusiek onartu beharko dituzte, hiru lurraldeetan, eta, onartuz gero, 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Enpresen lehiakortasuna zigortzen duen zerga-sistema da, Confebasken iritziz

Zerga-erreformaren aurreproiektuaren gainean, Confebask euskal patronalak salatu du Euskadiko enpresek, "lehen aldiz", izango dutela "inbertsioa oztopatu, enpresa-lehiakortasuna zigortu eta enpleguaren iraunkortasuna arriskuan jartzen duen zerga-sistema bat", EAJk eta PSE-EEk adostutako Sozietate Zergaren erreformaren bidez. Gainera, nabarmendu du tasa % 28tik % 24ra jaisteak ia 600 milioi inbertitzea eta 6.000 lanpostu sortzea ekarriko lukeela.

Jeltzaleek eta sozialistek adostutako araudi fiskalaren proposamenari buruz galdetuta Confebaskek esan duenez, PFEZean "aldaketa txikiak" dakartza, baina eragina izango du Sozietate eta Ondare Zergetan. Azken horietan, hain zuzen, euskal patronalak nabarmendu du enpresek aurreko urteetako galeren % 70 bakarrik kendu ahalko dituztela (egun, % 100 kentzen dute).

Agiri batean, Confebaskek eta patronala osatzen duten elkarteek (Adegi, Cebek eta SEA) esan dute akordioa galdutako aukera bat dela; izan ere, alderdiek ez dute erabili aukera hori "enpresen zerga-sistema ekonomia eta enplegua berrindartzearen alde kokatzeko".

"Egun indarrean dagoen tasa (% 28koa da) % 24ra jaitsiko balitz, 600 milioi euro inbertituko lirateke, eta 6.000 lanpostu sortu. Halaber, gogorarazi nahi dugu krisialdian galdutako ia 40.000 lanpostu ditugula oraindik berreskuratzeko; akordio honekin, denbora luzeagoa beharko dugu hori lortzeko", adierazi du patronalak.

Sozietate Tasa "anakronikoa"

Confebasken esanetan, "egun indarrean dagoen Sozietate Tasa Euskadirentzako erreferente diren gainerako ekonomietakoa baino handiagoa da. Gainera, herri garatuetan jarraitzen ari diren joeraren aurkakoa da; izan ere, krisialdian, igo beharrean, jaitsi egin dute, apurka-apurka".

"Europar Batasunean batezbesteko tasa % 22,6koa da, eta Eurogunean % 24,4koa; 2008tik hona, % 26tik jaitsi da Eurogunean, gainera", esan du Confebaskek. Hortaz, horren ustez, EAJk eta PSE-EEk adostutako hitzarmenak "epe laburrean bakarrik" pentsatzen du, eta lehentasuna ematen dio "gaurko diru-bilketari, biharko enpleguari eta inbertsioari baino". Garai honetan, gainera, krisia hasi aurreko diru-bilketa maila berreskuratu da, eta, ondorioz, patronalaren esanetan, "ez dago justifikatuta" erabaki hori.

Azkenik, Confebasken iritzian, jeltzaleek eta sozialistek ez dituzte baliatu "Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen tresnak, Euskadiko ekonomia-berreskuratzea sendotu eta berori epe ertainera eta luzera bermatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Ekonomia berriak PSE-EE berriak Unai Rementeria Markel Olano Arabako Ahaldun nagusia Gaurko azken orduko albistea Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Gaurko titularrak Zerga politika Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa