Ekonomia -
Sindikatuak
Sindikatuen erresistentzia kutxak ikertzen ez dabilela argitu du Ogasunak
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak ukatu egin du ELA ikertzen ari direla. EH Bilduk eta Podemosek eskatuta, gai honen inguruko azalpenak eman ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak esan du bere departamentuak ez duela inolako izapiderik abiarazi sindikatuen erresistentzia kutxak ikertzeko. Sindikatuei ohiko informazioa eskatu dietela eta zentralek eskatutakoa helarazi dietela argitu du.
Azken asteotan Ogasuna sindikatuak eta, bereziki, ELAren erresistentzia kutxa ikertzen egon zitekeela zioten albisteak zabaldu dira. EH Bilduk eta Podemosek eskatuta, Irurrizagak gai honen inguruko azalpenak eman behar izan ditu gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan.
EH Bildu eta Podemosen iritzian, ikerketa hori Bizkaiko zahar-etxeetako langileek egin zuten grebari lotuta dago. 370 eguneko iraupena izan zuen ELAk bultzatutako lanuzteak.
Sindikatuek erresistentzia kutxa erabiltzen dute greban dauden beharginei laguntzeko, eta Euskal Herrian ELA da fondo hori erabiltzen duen sindikatu bakarra.
Iruarrizagak azaldu duenez, iruzur fiskalari aurre egiteko planaren baitan, informazioa eskatu diete sindikatuei, irregulartasunik egin ote duten egiaztatzeko.