Ekonomia -
Protesta
'Beste aldera begiratzea' egotzi diote Productos Tubulareseko langileek Jaurlaritzari
'Borrokan jarraituko dutela' berretsi du enpresa batzordeak gaur goizean Sestaon, enpresak aurkeztutako lan erregulazio espedientearen aurka egindako manifestazioan.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira gaur Sestaon, Productos Tubulares enpresak proposatutako lan erregulazio espedientearen aurka protesta egiteko eta langileei elkartasuna adierazteko. "Borroka egingo dutela" ohartarazteaz gain, "beste aldera begiratzea" leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Enpresako 420 langileetatik 157 kanporatzeko lan erregulazio espedientea aurkeztu zuen Productos Tubulareseko zuzendaritzak (Tubos Reunidosen filialetako batek). Besteak beste, soldatak % 25 gutxitzeaz gain, urtean 1.704 ordu lan egitea proposatu zuen enpresak, 1.680 ordu egin beharrean.
'Ni un paso atrás a despidos y precariedad (atzera pausorik ez kaleratzeei eta prekarietateari)-Borroka da bidea' leloa zuen pankarta baten atzean, Sestaoko kale nagusietan barrena ibili dira Tubos Reunidoseko presidentearen aurka eta langileen aldeko oihuak eginez.
Mobilizazioa amaitu ostean irakurritako oharraren bidez, "aurreko zuzendaritzaren kudeaketa penagarria saritu izana" leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Bide batez, "beste alde batera begiratzea" ere egotzi diote, "bideragarria den fabrika baten itxiera onartzeagatik".
Azkenik, langileen aurka "nahi adina salaketa" jarrita ere, "ez gaituzte beldurtuko eta kalean izango gaituztenez, borrokan guda irabaziko dugu", berretsi dute batzordeko ordezkariek.
Enpresak hainbat langile salatu ditu
Hedabideei egindako adierazpenetan Julen Beloki enpresako batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "desordena publikoak, irainak eta mehatxuak" egitea egotzita Productos Tubularesek hainbat langile salatzea ez da "pizgarririk onena" negoziazio baterako.
Batzordeak salaketa horiei buruzko "informazio ofizialik" ez duela esan ostean, horren zain daudela azaldu du Belokik; Ertzaintza han izan zela eta ez zuela "inor identifikatu" aipatu du.
Bestalde, batzordearen esanetan, astelehenean egingo duen bileran erabakiko dute negoziazioari aurre egiteko "ildo bateratua". Dena den, langileek ez dutela "inolako kaleratzerik edo itxierarik onartuko" berretsi du.