Ekonomia -
LAB-en TXOSTENA
LAB: 'Enpresa pribatu eta publikoetan ezarritako berdintasun planek porrot egin dute'
LABek aurkeztutako txosten baten arabera, 2016ko datuak kontuan hartuta, emakumeen soldata batez beste gizonena baino 8.152 euro txikiagoa da EAEn eta 7.573 txikiagoa Nafarroan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak ikerketa bat egin du Hego Euskal Herriko administrazio eta enpresa pribatuetako gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalari buruz, eta gaur hedabideen aurrean aurkeztu ditu ondorio nagusiak, Bilbon.
'Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala Hego Euskal Herriko lantokietan' izenburua duen ikerketa egiteko, 280 enpresa eta erakunde publikoetara igorri zuen galdetegia LABek, eta 43k bakarrik erantzun zuten. "Isiltasuna izan da nagusi gai honen inguruan, eta honek txostenean aipatutako ondorioetako batera eramaten gaitu: hots, borondaterik ez dagoela soldata arrakalarekin amaitzeko", esan dute aurkezpenaren hasieran.
LABek salatu duenez, enpresa pribatuetan eta publikoetan ezarritako berdintasun planek porrot egin dute, eta soldata arrakala egiturazko arazoa bihurtu da lan esparruan. Arazo horri aurre egiteko "benetako berdintasun politikarik ez" dagoela salatu du sindikatu abertzaleak. Zentral horren iritzian, "berdintasun politikarik eza ezkutatzeko" erabili izan dira plan asko eta asko.
Arantxa Vazquez LABeko Batzorde Exekutiboko kideak eta Eli Etxeberria Idazkaritza Feministako idazkariak aurkeztu dituzte txostenaren ondorioak prentsaren aurrean. Horien hitzetan, oso esanguratsua da, besteak beste, Osakidetzak, Bilboko eta Donostiako udalek edota Gipuzkoako Foru Aldundiak galdetegia ez erantzutea.
Ikerketan parte hartu duten enpresa gehienek 250 langile baino gehiago dituzte, eta, beraz, legediak hala eskatuta, 2007tik berdintasun plana izan beharko lukete. Oso enpresa gutxitan daude ezarrita berdintasun planak, eta ezarrita daudenetan emaitzak "oso eskasak" dira.
LABek aurkeztutako txostenaren arabera, 2016ko datuak kontuan hartuta, emakumeen soldata batez beste gizonena baino 8.152 euro txikiagoa da EAEn eta 7.573 txikiagoa Nafarroan.
Patronalaren eta erakunde publikoen "arduragabekeria" salatu du LABek, egoera bideratzeko "neurri eraginkorrik" ez dutelako hartu nahi. Horren aurrean, sindikatuen eta mugimendu feministaren arteko "batasuna eta elkarlana" beharrezkoak direla esan dute goizeko aurkezpenean.
Proposamenak
Soldata arrakalari aurre egiteko, ondorengo neurriak proposatu ditu LABek, besteak beste: "berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaltzea, administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea, zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala, haur eskolak doakoak izatea edota negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea".