Itxi

Ekonomia

Lanuzteak

Taxilari grebaren 'arrakasta' Hego Euskal Herrian

AGENTZIAK

Arabako taxilariek greba deialdiarekin bat egitea erabaki dute azkenean, aurrez Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako profesionalek egin bezala. Nafarroaren kasuan, zazpi orduko lanuztea egingo dute.

1:29
Greba taxilariak

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako taxi gidariek bat egin dute Estatuko Taxien Elkarteak (Antaxi) gaur eta biharko deitutako greba deialdiarekin. Besteak beste, Uber, Cabify eta antzeko enpresen ibilgailuen baimenak mugatzea eskatzen dute.

Taxien Euskal Federazioak 2.000 taxilari ingururi egin die grebarako deia Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen ere, asteleheneko 06:00etatik astearteko 00:00ak arte.

Nafarroan, ostera, zazpi orduko lanuztea deitu dute astelehenerako: 06:00etatik 13:00etara.

Bizkaian 300 taxi-gidarik parte hartu dute Bilboko protesta karabanan. Taxien Euskal Federazioak emandako datuen arabera, Loiuko aireportutik Bilbo aldera irten dira eta erdigunera iristsi direnean aireportura itzuli dira.

Ertzaintzak 500 euroko isuna jarri eta gidabaimeneko sei puntu kendu dizkie karabana horretan parte hartzen ari diren zenbait gidariri ausarkeriaz gidatzea leporatuta, gomendatutako abiadura baino txikiagoan joateagatik.

Txorierriko igarobidean eta Enekurin, Bilboko sarbidean, auto-ilarak sortu ditu protestak.

Horren aurretik, Bizkaiko taxilariek elkarretaratzea egin dute Loiuko aireportuan eta tentsio uneak bizi izan dira grebalarien eta lanean ari ziren taxilarien artean.

HUELGA TAXISTAS BILBAO AEROPUERTO LOIU EFE

Taxi gidarien protesta Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE

Donostian, dozenaka taxilariek elkarretaratzea egin dute autobus eta Adifeko geltokien aurrean, bata bestearen alboan baitaude hiriko erdialdean. Taxilariek ibilgailuak gelditu dituzte, eta adierazpen bat irakurri dute. “Baimen eskakizunean udalek eskumena izatea” eskatu dute, “30 taxiko VTC baimen bakarra ratioa bermatzeko”.

Gainera, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordea kritikatu dute taxi-gidariek, Kataluniako Auzitegi Nagusiak VTC baimenak baldintzatzeko Bartzelonako Udalaren araudia baliogabe uztea lortu duelako.

Gipuzkoako taxilarien hitzetan, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordea “argi eta garbi bi multinazionalen interesak defendatzen ari da, taxi sektorean lanean ari diren 100.000 profesional zintzo baino gehiagoren kaltetan”.

Arabako taxilariek bilera egin dute gaur goizean eta mobilizazioekin bat egitea erabaki dute. Guztira, Arabako 200 profesional inguru (Gasteizkoak 194 eta probintziakoak besteak) elkartu dira asanbladan. Alatax Arabako Taxi Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, "une horretatik bertatik" eta bihar gauerdira arte grebara batzea adostu dute. Dena den, gutxieneko zerbitzuak egongo dira, mugikortasun urriko pertsonentzako eta larrialdi kasuetarako.

Gasteizko taxilariek elkarretaratzea egin dute Olagibel kalean, eta ondoren “VTC kanpora” kartelekin ibilbidea egin dute hiriko kaleetatik.

Nafarroan, taxi gidariek zazpi orduko lanuztea egin dute 06:00etatik 13:00etara, AITANek (Nafarroako taxi-gidari auto-patronoen elkarte independentea) deituta. Gainera, astearterako deituta dagoen greba egunarekin bat egitea erabaki badute, baldin eta taxilarien ordezkariek Espainiako Sustapen Ministerioarekin egitekoa duten bilerak asetzen ez baditu.

Kiko Asin Teletaxi San Fermin enpresako eta AITAN elkarteko presidenteak gaur goizean esan duenez, Administrazioarekin adostutako gutxieneko zerbitzuak bete dira, baita aurretik hitzemandakoak eta urritasunen bat dutenei bideratutakoak ere.

Bestalde, elkarretaratzea egin dute 09:00etan, AITANeko egoitzan, Iruñeko Agustino industrialdean. Grebalari asko beren senide eta haurrekin joan dira protestara.

Ordu erdi geroago asanblada egin dute eta Estatuko Taxien Elkarteak (ANTAXI) adostutako grebarekin bat egitea erabaki dute gauerditik aurrera. "Hasiera batean egun osoko greba izango da uztailaren 31n, gaur gauerdian hasi eta bihar gauerdian amaituko da", zehaztu du Kiko Asinek.

Grebaren jarraipena

Borja Mussons Taxien Euskal Federazioko presidenteak gaur goizean adierazi duenez, Bilboko eta Donostiako taxilarien artean greba "erabatekoa" izaten ari da.

Araban greba atzerapenarekin hasi da, baina orduak aurrera joan ahala parte-hartzeak gora egin du eta “arrakastaz” hitz egin daiteke, Musonsek adierazi duenez.

"Greba eguna erabateko normaltasunez igarotzen ari da, ez dago aparteko gorabeherarik eta jarraipena erabatekoa da", azaldu du Taxien Euskal Federazioko presidenteak Radio Euskadiri egindako adierazpenetan. Gaineratu duenez, "gutxieneko zerbitzuak" egongo dira larrialdiei aurre egiteko. Bestalde, eta greba deialdia bi egunetarakoa bada ere, ez du baztertzen "mugagabea" izatea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena