Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

Iruñeko Udalak 142 lanpostuko LEPa proposatuko du aurten

Tokiko Gobernu Batzarrak irailaren azken astean onets lezake lan deialdi publiko berria, eta, horrenbestez, deialdia urritik aurrera egin liteke.

Iruñeko udaletxea. Artxiboko argazkia: Paco Moreno
Iruñeko udaletxea. Artxiboko argazkia: Paco Moreno
Iruñeko udaletxea. Artxiboko argazkia: Paco Moreno

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten 142 lanpostu dituen Lan Eskaintza Publikoa (LEP) deitzea proposatuko dio Iruñeko Udaleko gobernu taldeak Negoziazio Kolektiborako Mahaiari. Izan ere, lanpostu finko bihurtu nahi dituzte gaur egun aldi baterako kontratuen bidez beteta dauden 117 postu, Iruñeko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Halaber, lanpostu publiko horiei esker, Udaltzaingoan, eskoletan eta egitura orokorrean berritze-tasak bete nahi dituzte.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak agerraldia egin zuen atzo, asteazkena, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziarekin eta Iñigo Anaut Giza Baliabideetako arduradunarekin batera, LEParen nondik norakoak azaltzeko.

"Lan deialdi honen bitartez, Iruñeko Udaleko gobernu taldeak lanpostu publikoen kalitatea hobetu nahi du, administrazio publikoa eraginkorragoa egin eta udal-lantaldea egonkortu", Asironen hitzetan.

LEPak aurreikusten dituen lanpostu gehienak Haur Eskoletako hezitzaileei zuzenduta daude (29 lanpostu egungo lantaldea egonkortzeko, eta 10 plaza berri). Musika Eskola Bereziko irakasleei dagokionez, 13 lanpostu aurreikusi ditu gobernu taldeak; 10 plaza, gizarteratzeko goi-mailako teknikarientzat; eta 6 udaltzain lanpostu.

"Udal-lantaldea berritu eta gaztetzeko ahalegin handia egin dugu legegintzaldi honetan. Hala, iruindarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko lanpostu batzuk profesionalizatu nahi izan ditugu", nabarmendu du Asironek. Ildo horretatik, proposamena Udalaren eta langile-batzordean zein erakunde autonomo desberdinen ordezkaritza-organoetan ordezkariak dituzten sindikatuen artean egindako sei hilabeteko lanaren emaitza dela esan du.

Negoziazio Kolektiborako Mahaia datorren astean, irailaren 6an, biltzea aurreikusita dago. Egun batzuk geroago, hilaren 10ean, Lehendakaritza Batzordea bilduko da LEParen proposamena aztertzeko. Horrela, Tokiko Gobernu Batzarrak irailaren azken astean onets lezake lan deialdi publiko berria, eta, horrenbestez, deialdia urritik aurrera egin liteke.

Enplegua egonkortzeko helburuarekin, Udalak beste lanpostu hauek onetsi nahi ditu: legelarien 5 lanpostu; bateraezintasuna duten erdi-mailako tituludunen 5; gizarte-laneko osagarria duten erdi-mailako tituludunen 5; desinfekzio eta mantentze-lanetako ofizialen 5; ehorzle-laguntzaileen 5, eta zerbitzuetako burutzetarako beste 5. Horietaz gain, arkitekto teknikoen 4 lanpostu aurreikusi dira, enplegu-teknikarien 2, turismo-enpresa eta jardueretako teknikarien 2, eta mugikortasuneko ikuskatzaile-laguntzaileen 2.

Halaber, lanpostu bat baino gehiago eskainiko dira hauetarako: Zuzenbidean lizentziaduna (egonkortzeko 3 lanpostu, berritzeko 1), partaidetzako teknikariak (egonkortzeko 2 lanpostu) eta tributu-ikuskatzaileak (berritzeko 2 lanpostu).

2018ko LEPeko proposamenaren lanpostu-zerrenda lanpostu hauekin osatzen da (bakoitzeko bat): aparejadorea, Hiria Birgaitzeko Bulegoko arduraduna (egonkortzea); arkitektoa (egonkortzea); lakiolari-laguntzailea (egonkortzea); zoo txikiko laguntzailea (egonkortzea); ekonomialaria (berritzea); udal-bulegoetako mandatarien arduraduna (egonkortzea); Animaliak Hartzeko Zentroko arduraduna (egonkortzea); mantentze-lanetako arduraduna (egonkortzea); industria-ingeniari teknikoa (egonkortzea); obra publikoetako ingeniari teknikoa (egonkortzea); kimikako ingeniari teknikoa (egonkortzea); kontu-hartzaile ordezkaria (berritzea), eta Udaleko kontu-hartzailea (egonkortzea).

Aurreikuspenen arabera, zerbitzuburu-lanpostuak eskainiko dituzte hiri-altzarietako zerbitzuan (egonkortzea), bide publikoko obretan (egonkortzea), desinfekzio-parkean (egonkortzea), akta eta jakinarazpenetan (egonkortzea) eta azpiegituretan (egonkortzea), eta, horiez gain, hauek ere izango dira: psikologo lanpostu bat (egonkortzea), Osoko Bilkurako idazkari-lanpostu bat (egonkortzea), gazteriako teknikari-lanpostu bat (berritzea), berdintasuneko teknikari-lanpostu bat (berritzea), jarduera soziokulturalen goi-mailako tituludun teknikoko lanpostu bat (egonkortzea), kulturako goi-mailako tituludun teknikoko lanpostu bat (egonkortzea), Katastroko erdi-mailako tituludun lanpostu bat (egonkortzea) eta euskara-itzultzaile lanpostu bat (egonkortzea).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa gaur Lana albisteak Ekonomia EH Bildu Iruñea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Enplegu Eskaintzak 2024 Iruñeko Udala