Ekonomia -
Balio erantsia
Eusko Jaurlaritzak elikaduraren alorreko ekintzailetza bultzatuko du
Elikaduraren kateko ekintzailetza estrategia ikasle eta gazteei zuzenduta dago, bai eta oinarri teknologikoko startup, elikadura enpresa, sukaldari eta agente inbertsiogileei ere.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak elikaduraren alorreko ekintzailetza (enpresa berriak sortzen dituzten enpresariak) bultzatu nahi du, Euskadiko elikadura-sarean balio erantsia sortzeko, Euskadik garatu eta berritu ditzakeen sektore garrantzitsu gisa sendotu baita elikaduraren sektorea.
Elikaduraren kateko ekintzailetza estrategia ikasle eta gazteei zuzenduta dago, bai eta oinarri teknologikoko startup, elikadura enpresa sukaldari eta agente inbertsiogileei ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak gaur, asteazkena, Zamudion, sektoreko ordezkarien aurrean jakitera eman duenez.
Kontuan izanda sektorea erakusten ari den ahalmena eta gaitasunak, BPGd-aren %10eko pisua baitu jada, eta kontuan izanda, halaber, sektoreak enplegua sortzeko eta produktu berriak proposatzeko ahalmen handia duela, Eusko Jaurlaritza lanean aritu da elikadurari estatus handiagoa emateko eta manufaktura, energia eta osasunaren moduko lehentasunezko eremuen estatusera hurbiltzeko.
Argazkia: pixabay.com
Elikaduraren Balio Kateko Ekintzailetza Estrategia garatzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna jarri ditu abian, hala nola, ekintzaileentzako beka programa bat, inkubazio programa bat Euskadin instalatu nahi diren ekintzaileentzat, berrikuntza irekiko foroa enpresen eta startupen artean, mentoreak eta inbertsiorako eta finantzaketarako laguntza neurriak (neurri fiskalak, etab.).
Food BIND 4.0
Bind 4.0 da, zalantzarik gabe, Euskadik duen bizkortzailerik arrakastatsuena. Ekimen honen hurrengo edizioan, elikaduraren sektoreko enpresek eta startupek ere parte hartuko dute, FOOD BIND 4.0 osatuta.
BIND 4.0ren 2018ko deialdian 524 proiektu jaso dira, aurreko edizioan baino % 36 proiektu gehiago, alegia. Proiektu guztietatik, % 76 nazioarteko hautagaiak dira, eta azpimarragarria da munduan liderrak diren ekintzailetza hub-etatik (Ameriketako Estatu Batuetatik, Israeldik, Erresuma Batutik eta Alemaniatik, esaterako) datozen startup hautagaien igoera.
Osasungintzaren teknologien sektorean sartzen da lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzak bere RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian jarritako lehentasunei jarraituz.
BIND 4.0ren edizio honetan, nazioartean erreferentziakoak diren 40 enpresa traktorek hartuko dute parte fabrikazio aurreratuaren, energiaren eta osasunaren eremuetan 4.0 industriako soluzioak aplikatzen dituzten startupekin, eta datorren urtean elikadurarena gehituko zaie eremu horiei guztiei.