Ekonomia -
Arabako Lurralde-auzitegia
Hirikoren porrotean enpresako arduradunak errudun izan zirela berretsi dute
Fiskalaren helegitea atzera bota du auzitegiak. Zigor handiagoa eskatu zuen Fiskaltzak. Erabakiari Auzitegi Goreneko arlo zibileko salaren aurrean errekurtsoa aurkezteko aukera dute orain.
Agentziak | Erredakzioa
Afypaidako lau administratzaileak Hiriko auto elektrikoaren porrotean errudun izan zirela baieztatu du Arabako Lurralde-auzitegiak. Afypaida Hirikoren enpresa nagusia zen. Hirikok 15,7 milioi euroko diru-laguntza publikoa jaso zuen, gehienak (14,7) Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eskutik.
Gaur jakinarazi duen epaian, Ministerio Fiskalaren helegitea atzera bota du Arabako Auzitegiak. Fiskaltzak zigor handiagoa eskatu zuen. Horrela, 2017ko abenduan Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak hartu zuen erabakia berretsi du auzitegiak.
Konpainiaren porrotean enpresako lau arduradunak errudun zirela ebatzi zuen epaitegiak: Jesus Echave, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoechea eta Fernando Achaerandio.
Epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen fiskalak, Afypaidaren operazio batean frogen balorazioan hanka-sartze bat egin zutela argudiatuta. Hirikoren kaudimen-gabezia areagotu zuela uste du Ministerio Fiskalak.
Hala ere, Fiskaltzak administratzaile bakoitzaren zigorra areagotzea espresuki eskatu ez zuela azaldu du orain Arabako Auzitegiak, ezta inhabilitazioa luzatzea ere. Azken finean, zigor adierazpen irmoago bat eskatu du, baina eskakizunak zehaztu barik.
Administratzaileen arduragabekeriagatik Afypaida erruduntzat jo zuen epaitegiaren sententziak dagoeneko, auzitegiak azaldu duenez. Fiskaltzaren helegitea onartuko balu hasierako ebazpena praktikan aldatuko ez lukeela erantsi du. Hirikoren arduradunek jokabide “zentzugabearekin” kaudimen-gabezia areagotu zutela azaldu zuen aurreneko epaiak.
Fiskaltzak 10 urteko inhabilitazioa eskatu zuen Hirikoren lau arduradunentzat. Baina Arabako Auzitegiaren hitzetan, errekurtsoa epetik kanpo aurkeztu zuen fiskalak.
Era berean, ingeniari baten beste helegite bat atzera bota du auzitegiak. Erabakiari Auzitegi Goreneko arlo zibileko salaren aurrean errekurtsoa aurkezteko aukera dute aldeek orain.