Ekonomia -

FRANTZIA

'Txaleko horiek' Parisko kaleak hartu dituzte, bederatzigarren astez jarraian

Joan den asteburuan izandako istiluen ondotik, Frantziako Gobernuko Barne Ministerioak polizia dispositibo zabala jarri du martxan: 80.000 agente ari dira protestak zaintzen herrialde osoan.

Joan den astean Parisen izandako istiluen irudi bat. Argazkia: EFE.
'Txaleko horien' protestak, Parisen.
Gutxienez 20 atxilotu Parisen, 'txaleko horien' 9. manifestazio-egunean

1:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Txaleko horiak" kalera atera dira, gaur ere, Frantzia osoan, Emmanuel Macron presidentearen politiken kontra protesta egiteko. Besteak beste, Parisko kale nagusienetan dozenaka manifestari bilduta daude, goizean goizetik. Gaurkoarekin, bederatzigarren astez jarraian ari da protestan "txaleko horien" mugimendua.

Joan den astean izandako istiluen ondotik, Frantziako Gobernuak segurtasun neurriak zorroztu egin ditu larunbat honetan, eta 80.000 agente inguru ari dira lanean herrialde osoan, protestak deituta dauden guneak zaintzen.

Parisen ezarri dute dispositibo zabalena: 5.000 polizia ari dira hiriko leku estrategikoak zaintzen. Eliseo Zelaien etorbidea, esaterako, alderik alde hesi batekin itxita dago, eta goizeko 09:00etan manifestari bakar bat ere zegoen toki horretan.

Ekonomia eta Finantza Ministerioaren egoitza nagusiaren parean, berriz, astero bezala,"txaleko hori" ugari bildu dira. Han ere polizia ugari daude, eta manifestari guztien poltsak eta motxilak miatzen ari dira. Errepublika Plazaren eta Iparraldeko Geltokiaren inguruko kaleak itxi egin dituzte.

Bestalde, Frantzia erdialdeko Bourges hirian deitu dute elkarretaratze handia "txaleko horiek". Frantzia osotik joan dira bertara manifestariak, eta, oraingoz, ez da aparteko istilurik izan.

Laurent Nunez Frantziako Barne Ministerioko ordezkariak sare sozialen bidez ohartarazi du "zero tolerantzia" izango dutela protesten aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak