Ekonomia -

lan gatazka

Huerta de Peraltako langileek akordioa adostu eta bertan behera utzi dute greba

Enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko akordioak langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu.

Huerta de Peraltako lan gatazka. Argazkia: lab.eus
Huerta de Peraltako langileak
Huerta de Peraltako lan gatazka. Argazkia: lab.eus

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Huerta de Peralta enpresako langileen greba mugagabeak 28. eguna bete duen honetan, langileen enpresa batzordeak oniritzia eman dio LAB sindikatuak eta zuzendaritzak adostu duten akordioari, gatazkari bukaera eman eta garai berri bat irekitzen duena.

Akordioaren ondorioz, langileek bertan behera utzi dituzte greba mugagabea nahiz enpresa presionatzeko bestelako bideak; ez, baina, LABek urtarrilaren 26rako prekarietatearen kontra Iruñean deitutako manifestazioa.

Akordioak langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu: zigorrak bertan behera utzi eta kaleratuak berriz hartzea, hitzarmena ez betetzearen ondorioz sortutako zorra ordaintzea eta enpresa-itun baterako negoziazioak abiatzea.

Kaleratzeei dagokienez, enpresara bueltatu nahi duten langile horiek berriz hartzea eskatzen zuen LABek, bereziki jazarpen sindikalaren ondorioz kaleratutako lau langileak, eta langile horiekin adostu eta zuzendaritzak onartutako konponbidea honako hau da: bi langile berriz hartuko dituzte, hirugarrenak kalte-ordaina jasoko du eta laugarren kasua epaitegietan argituko dute.

Bestalde, lan-hitzarmena ez betetzeagatik sortu den 440.000 euroko zorraren aurrean, zuzendaritzak zor horren % 70 ordaintzea onartu du.

Azkenik, hirugarren aldarrikapenari dagokionez, bi aldeek adostu egin dute Huerta de Peralta enpresaren eta langileen errealitate eta beharren araberako enpresa-itun baterako negoziazioak irekitzea.

LAB sindikatuak akordioaren balorazio oso positiboa egin du, greba-deialdia eragin zuten aldarrikapen nagusiak jasotzen dituelako eta Huerta de Peraltan egondako aldaketak egonkortu egiten dituelako. Hala ere, LAB sindikatuak "landa-eremuan nahiz hirigunean zabaltzen ari den prekarietateari aurre egiteko" larunbat honetarako Iruñean deitutako mobilizazioari eutsi egiten diola esan du; manifestazioa 17:00etan abiatuko da Gazteluko plazatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Azkoien Nekazaritzaren egungo albisteak Lan gatazkak gaur