Ekonomia -

Otsailak 13

Pentsiodunek giza katea egingo dute Bilbon, EAJ, PSE eta PPren egoitzen artean

Erretirodunek eta pentsiodunek eguraldi kaskarrari aurre egin diote berriro, eta astelehenero bezala protesta egin dute.

Elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
Pentsiodunek giza katea egingo dute Bilbon, EAJ, PSE eta PPren egoitzen artean
Elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko pentsiodunek giza kate bat egingo dute asteazkenean, Bilbon, PP, PSE eta EAJren egoitzak lotzeko. Horrela, alderdiei babesa eskatuko diete aldarrikapenetan, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izateko.

Ehunka erretirodunek eta pentsiodunek eguraldi kaskarrari aurre egin diote berriz, eta Bilboko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute astelehenero bezala.

Jon Fano kolektiboko bozeramaileak elkarretaratzean azaldu duenez, Bizkaiko herri gehiagok mobilizazioekin bat egingo dute laster; ondorioz, 45 udalerri baino gehiago dira dagoeneko. “Manifestazio oso arrakastatsuak izaten ari dira, eta epe laburrera berriak egingo dituzte Galdakaon, Basaurin, Ugaon etabarren”, nabarmendu du.

Gasteizen, bidezko fiskalitatea aldarrikatu dute pentsiodunek astelehen honetan. Manifestazio batek udaletxea eta Aldundiaren egoitza lotu ditu.

Zergak herritarren “ongizatea mantentzeko” balio izatea eskatu dute Aldundiaren aurrean. 2018an bazkun-zerga % 28tik % 24ra murriztu izana salatu dute manifestariek; izan ere, “lan-errentak zergen % 90 jasaten jarraitzen du”. Kritikatu dutenez, politika ekonomiko mota hau “lan eta kapital-errentaren arteko arrakala are gehiago” handitzen ari da.

Donostian, astelehenero bezala, pentsiodunek batzar bat egin dute Alderdi Ederreko lorategietan. Bertan agiri bat irakurri dute, Eusko Jaurlaritzaren aurka egiteko. Horrela, “miseriako pentsioak dituzten pertsonenganako sentsibilitaterik ez agertzea” leporatu diote EAEko Exekutiboari.

“EAEk pentsioetan eskumenik ez duela dio lehendakariak, eta zehaztasun gehiagorik eman gabe, hori egia da; baina Urkulluk ez du esaten aurrekontuen bidez gutxieneko pentsioak osatzea posible dela, Europako Gutun Sozialaren gomendioak jarraituz”, azpimarratu dute.

Ondoren, Gipuzkoako hiriburuaren erdialdean ibilbidea egin dute parte-hartzaileek manifestazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV PP Bilbo Donostia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Pentsioak