Ekonomia -

M8

Emakumeek gizonezkoek baino % 12,2 gutxiago kobratzen dute Estatuan, CEOEren arabera

Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak eta PwCk egindako txosten batek adierazi duenez, soldata-arrakalak % 28 egin du behera 2002tik 2014rako epean.

Soldata-arrakala % 12,2koa da Estatuan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Soldata-arrakala % 12,2koa da Estatuan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Soldata-arrakala % 12,2koa da Estatuan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu mailan, gizon-emakumeen arteko soldata-arrakalak % 28 egin du behera 2002tik 2014ra arteko epean (urte hartako datuak dira, hain zuzen ere, INEk dituen azkenak); hain zuzen ere, 2002an % 16,9koa zen soldata-arrakala, eta, aldiz, % 12,2koa 2014an. Horrela dago zehaztuta Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak eta PwCk egindako txosten batean.

"Espainian generoak sortutako Soldata Arrakalaren analisia" du izenburua ikerketak, eta martxoaren 8an, ostiralarekin, aurkeztu dute, CEOEren egoitzan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Horren xedea da arrakalaren kalkulu zehatza egitea, bai eta horren arrazoiak identifikatzea.

"Une honetan, Espainian, emakumeek gizonek baino % 12 gutxiago kobratzen dutela esan dezakegu. Hori gertatzen da enpresatik kanpokoak diren baldintza jakin batzuek eragiten dietenean; enpresarien helburua da arrakala zero izatea", aseguratu du Antonio Garamendi CEOEren presidenteak.

Txostenak kontuan hartu du "doitutako" soldata-arrakala, alegia, hainbat gizarte- eta ekonomia-eragileren edo lanpostuaren eragina isolatzen duena; adibidez, adinean, antzinatasunean, hezkuntza-mailan edo hautaketa akademikoetan edo profesionaletan ez du erreparatu, ez eta lanaldian, sektorean edo jarduera-motan.

Soldata-arrakala handiagoa, antzinatasunak gora egin ahala

Datuak ikusirik, ondorioztatu ahal da soldata-arrakala handiagoa dela adinak gora egin ahala, eta txikiagoa, aldiz, gazteen artean. 30 urtetik beherakoen artean, arrakala % 4,9koa da, baina 59 urtetik gorakoen artean, aldiz, % 14,9koa da.

"Baikorrak gara, hori kontuan izanik; esan nahi du hobeto ari garela egiten, segur aski emakumeek prestaketa bikaina dutelako", zehaztu du Val Diezek, alegia, CEOEren Berdintasunaren eta Aniztasunaren Batzordeko presidenteak.

Gainera, txostenak argi utzi du arrakala, neurri handi batean, antzinatasunaren araberakoa dela; izan ere, antzinatasunak gora egin ahala, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea handiagoa izaten da, antzinatasuna baldin bada alde bakarra. Bestalde, arrakala handiagoak egoten dira, hain zuzen, gizonezkoen proportzioa handiagoa izaten den sektoreetan.

Soldata handiagoak dituzten lanetan ere bada handiagoa arrakala; hortaz, esan daiteke Espainian "kristalezko sabaia" dagoela, ikerketak dioenez.

Doitu gabeko soldata-arrakalari dagokionez (alegia, ez balitz kontuan hartuko lan-, gizarte- eta ekonomia-alderik), ehunekoak gora egingo luke: % 12,2tik, % 14 egingo luke gora. Emakumeek lan egiten duten orden eragina txikiagoa dela hartzen dute kontuan, kopuru horretan.

Hain zuzen ere, ikerketak hauxe erakusten du: emakumeek lan-merkatuan parte-hartze txikiagoa dutenez, eta aldi baterako kontratu gehiago dituztenez, emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dute urtean. Kopurua % 29 txikiagoa da.

Datu horiek, txostenaren egileek zehazten dutenez, EBren batezbestekotik behera utzi dute Espainia; izan ere, EBren batezbestekoa % 16,9koa da. Alemania, Erresuma Batua edo Frantzia okerrago daude, eta, gainera, nabarmen egin du behera arrakalak azken 15 urteotan.

Hori murrizteko, txostenak lau jarduera-ildo proposatu ditu: soldata-arrakalak neurtzeko baliabideak bultzatzea, gizonek eta emakumeek elkarren arteko ardura sustatzea, emakumeak erabaki-postuetan egotea bultzatzea, eta gizartea sentsibilizatzea, berdintasun-arloan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak Espainia argazkiak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Martxoak 8, Emakumeen Eguna Gutxieneko soldata CEOEko presidentea