Gizartea -

Martxoak 8

Morez margotutako eguna

Emakumearen Nazioarteko Eguna da gaur. Hori baliatuta, eta bigarren urtez, greba deitu du Mugimendu Feministak, berdintasuna oihua kalera ateratzeko.

Iazko martxoaren 8rako manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EFE
2018ko martxoaren 8ko manifestazioko irudi bat.
Iazko martxoaren 8rako manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdintasuna eta emakumeen eskubideak aldarrikatzea eguneroko lana eta ardura bada ere, urtean behin bada egun bat mezuok zentralitatea hartzen dutena, egutegian morez margotuta dagoena: martxoaren 8koa, Emakumearen Nazioarteko Eguna, alegia. Aurten, gainera, bigarren urtez, greba feminista dago deitua.

Halako egunez urtero antolatu izan dira mundu osoan manifestazio, elkarretaratze eta ekitaldi andana. Iaz jauzia eman zuen Mugimendu Feministak, lehen greba feminista deituta. Kaleak emakumez bete ziren, inoizko mobilizazio handienak lortuta. Iazko arrakasta errepikatu nahi dute aurten feministek, bizitza erdigunean jarrita, greba bost ardatzen inguruan bilduz: pentsionista, ikasle, enplegu, kontsumo eta zaintza.

Asko eta askotarikoak dira gaurko aldarriak: emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna lortzea, zaintza eta etxeko lanen banaketan dauden desorekak gainditzea, lan arloan berdintasuna eskuratzea, emakumeak ahalduntzea eta botere eta erabaki gunetan sartzea, indarkeria matxista errotik desagerraraztea...

Erakundeak, berdintasunarekin konprometituta

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionalak kaleratu dituzte Hego Euskal Herriko erakunde nagusiek. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 8aren beharra azpimarratu du, "nahiz eta aurrerapausoak eman, gizon-emakumeentzako berdintasunik ez dagoen gizarte batean bizi garelako". EAEko Exekutiboak ez du berez greba egingo, mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat egiten duen arren. Halaber, sailburuek eta Administrazioko langileek greba egiteko duten eskubidea errespetatzen du Jaurlaritzak.

Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, M8rako prestatu duen sentsibilizazio kanpainak emakume gazteen ahalduntzea izango du protagonista, "Erabakitzen dudana izango naiz" lelopean. Mugimendu feministaren aldarrikapenarekin zein grebarekin bat egin du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

Ezustekorik ezean, Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, gaurko kontrolerako saioa bertan behera utzi beharko du, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko emakumezko legebiltzarkideek greba feministarekin bat egin dutelako eta saioa egiteko nahikoa quorumik ez dagoelako (39k egingo dute huts eta 38rekin jada ez dago nahikoa quorumik). Hala balitz, EAEko ganberan halako zerbait gertatzen den lehen aldia litzateke.

EiTB, Emakumearen Nazioarteko Egunean

Martxoaren 8aren inguruan eduki bereziak landuko ditu EiTB taldeak. ETBK, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek saio eta jarraipen berezia prestatu dute gaurko egunerako.

Nafarroako Gobernuak ere adierazpen instituzionala onartu du asteon, eta herritarrak deituta dauden kontzentrazio eta mobilizazioetara joatea animatzen ditu (elkarretaratze instituzionala 11:00etan egingo dute Nafarroako Jauregian, Iruñean). Uxue Barkos buru duen exekutiboak "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin" duen konpromisoa berretsi du, eta "defizit demokratikoa desager dadin" lanean jarraituko duela azpimarratu du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, lau hiriburuetako udalek eta Euskal Herriko herrietako tokiko erakundeek adierazpen instituzionalak kaleratu dituzte gaurko egunari begira, eta berdintasuna aldarrikatu dute.

Alderdiei dagokienez, denek egin dute bat emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun defentsarekin. Gainera, PP eta UPN kenduta, gainerako alderdietako emakumezkoek bat egingo dute grebarekin. Iaz ez bezala, EAJko legebiltzarkide, batzarkide eta alderdiko buruzagitzako kideek (Itxaso Atutxa EAJren BBBko burua, esaterako) deialdiarekin bat egingo dute.

Lan arloan, 24 orduko greba eta lanuzteak

Euskal Herriko sindikatu guztiek adierazi diote babesa M8ko grebari, deialdi ezberdinak egin badituzte ere. Hala, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek 24 orduko greba deitu dute; CCOO, UGT eta USOk, berriz, txandako bi orduko lanuzteak egiteko deia egin dute.

Mugimendu feministak martxoaren 8ko greba "pentsiodunena" ere badela azpimarratu du bere deialdian. Hori horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodun eta erretirodunek bat egingo dute gaurko mobilizazioetan. Azaldu dutenez, emakume "pentsiodunek pankarta propioa eramango dute, eta gizonezkoak atzealdean joango dira emakumeak babestuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gaurko albisteak Nafarroan Eusko Jaurlaritza albisteak Grebak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua Sindikatuak Espainian Feminismoa Martxoak 8, Emakumeen Eguna