Ekonomia -

15. greba eguna

Itunpeko hezkuntzaren asteko lehen grebaren jarraipena % 60koa dela diote sindikatuek

Kristau Eskolaren arabera, ordea, % 22koa izan da jarraipena. Jaurlaritzak azpimarratu du bitartekotza babesten duela, baina aldeek eskatu behar dutela.

Langileen manifestazioa gaur Bilbon. Argazkia: @ELA
Langileen manifestazioa gaur Bilbon.
Itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa, Bilbon

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan aste honetan deituta dauden lau greba egunetako lehenengoa egin dute, asteartean. Ikasturte honetako hamabosgarrena izan da. Langileek (% 60k, sindikatuen arabera, eta % 22k, patronalaren arabera) mobilizazioak egin dituzte, patronalari eta Hezkuntza sailari gatazka konpontzeko eskatuz.

Asteartetik ostiralera, eragindako 250 ikastetxetako 9.000 langile inguru greba egitera deitu dituzte ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. 100.000 ikasle ikasten dute bertan. EAEko itunpeko ikastetxeen % 70 dira (ikastolak kanpo). Lau greba egun horiekin batera, beste sei daude antolatuta apirilerako (1, 2, 3 eta 4) eta maiatzerako (8 eta 9). Urteak berritu gabe eman dituen hitzarmen berria eskatzen dute langileek.

Beste behin, protestaren jarraipenaren inguruko datu desberdinak eman dituzte sindikatuek eta patronalak. Sindikatuen arabera, langileen % 60k egin du greba. Kristau Eskolaren arabera, % 22k egin dute.

Erlijio eskolen elkartearen arabera, Bizkaian langileen % 31ren jarraipena izan du grebak, % 16rena Araban eta % 13rena Gipuzkoan.

Goizean, grebalariek manifestazioa egin dute Bilbon. Sindikatuen arabera, 4.000 irakaslek eskatu dituzte euren aldarrikapenak kontuan izateko.

Negoziazioa, geldituta

Momentuz, Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak onartu duenez, sindikatuek eta patronalak ez dute bilerarik aurreikusita datozen egunetan. Beraz, negoziazioa geldituta dago.

Sindikalistak esan duenez, lan gatazka luze hau hasi zenetik, "zenbait edukitan" egin dituzte aurrerapenak, baina "apurka-apurka", eta ez dira nahikoak. Denbora honetan, langileek lanuzteak egin dituzte ikasturte honetako hamabost egunetan eta aurreko ikasturteko hirutan.

ELAren bozeramailearen arabera, "egoera honetara heltzeko erantzukizuna Hezkuntza sailaren erabakiena da, patronalak txintik esan gabe onartu dituenak".

Arartekoak proposatutako Lan Harremanen Kontseiluaren edo Lan Sailaren bitartekaritza erabiltzeko aukeraz, ELAko ordezkariak azaldu du bitartekaritzaren bidea Hezkuntza sailak "ireki" zuela "gatazka honen konponbidean izan dezakeen erantzukizuna saihesteko".

Jaurlaritzari 'eskua hartzeko' eskatu diote gurasoek

Bestalde, Arabako gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako guraso elkarteak elkarretaratzea egin du gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Bertan gatazkan "eskua hartzeko" eskatu dio Jaurlaritzari, grebokin ikasleen "hezkuntzarako eskubidea larriki urratzen" ari baitira.

Arartekoak proposatutako bitartekotza-zerbitzuaren alde egin dute gurasoek, gatazkari "zentzutasun" apur bat emateko.

Itunpeko eskoletako gurasoek Hezkuntza sailaren esku hartzea eskatzen dute
Itunpeko eskoletako gurasoek Hezkuntza sailaren esku hartzea eskatzen dute
Itunpeko eskoletako gurasoek Hezkuntza sailaren esku hartzea eskatzen dute

1:05

Cristina Sanchez Arabako guraso elkarteko presidenteak kazetariei azaldu dienez, lanuzteekin ikasturtearen % 30 galduko dute. "Gurasoak oso kezkatuta gaude", erantsi du.

Sanchezen hitzetan, "asko dira kaltetutako familiak. Ez dakigu zergatik ez duten ezertxo ere egiten".

Uriarte: "Bitartekaritza aldeek eskatu behar dute"

Gurasoen eta sindikatuen eskakizunen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek gogorarazi du Lan sailetik "argi eta garbi" utzi dela gatazkan bitartekaritza izateko aldeek eskatu behar dutela. "Sindikatuek bitartekaritza ez dutela nahi esaten badute, haiek jakingo dute zergatik", esan du.

Uriartek esan duenez, Hezkuntza saila "alde guztiekin harremanetan eta gelditu gabe lanean jarraitzen du", sindikatuekin, patronalekin eta familiekin, eta, beraz, "harrigarria" iruditu zaio sindikatuek Eusko Jaurlaritzak ezer egiten ez duela esatea, "haiekin egiten ari garen lana ezagutzen dutenean".

Itunpeko hezkuntzaren finantzazio moduluak igotzeaz galdetuta, Uriartek esan du Jaurlaritzak ez duela aldaketa bati buruz "hitz egin". Hori, edozein kasutan, hurrengo Hezkuntza Legeak zehaztu beharko luke.

Bitartekotza-zerbitzuak eskatzeko deia egin du Arartekoak

Itunpeko ikastetxeetako gatazkaren harira, aldeen artean "elkar ulertzeko ahalegina egin dadila" eskatu zuen atzo Arartekoak, eta horren ildoan, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia sailek eta Lan Harremanen Kontseiluak dituzten bitartekotza-zerbitzuak eskatzeko deia egin zien bi aldeei.

Erakundeak ohar batean azaldu zuenez, Manu Lezertuak hainbat bilera egin ditu familien ordezkariekin. Familiak oso kezkatuta daude horrek beren seme-alabentzat ekar ditzakeen ondorioengatik, greba-deialdiak behin eta berriz egiten ari direlako.

Era berean, erakundea harremanetan egon da Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailarekin eta Lan Harremanen Kontseiluarekin, bitartekotza-lanak egin ote daitezkeen aztertzeko. Batzarrotan berretsi duenez, erakunde horiek esku hartzeko guztiz prest daude. Dena dela, Arartekoak uste du bitartekaritza hori "gatazkan nahastutako aldeek" eskatu behar dutela, "ez beste inork".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak gaur