Itxi

Ekonomia

Langilearen eguna

Langileen eskubideak defendatzeko deia egin dute euskal sindikatuek Maiatzaren 1ean

EiTB.EUS

ELAk eta LABek bakoitzak bere aldetik egin dituzte mobilizazioak. CCOO eta UGT, aldiz, elkarrekin atera dira kalera.

1:27
ELA sindikatuaren manifestazioa

Euskal sindikatuek Maiatzaren Lehena, Langilearen Eguna, ospatu dute aurten ere, eta ohiturari jarraiki, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan.

ELA eta LAB sindikatu abertzaleek bakoitzak bere aldetik ospatu dute. Hala, ELAk Bilbon (11:45ean, Jesusen Bihotza) eta Iruñean (12:00etan, Gurutze Plaza) manifestazio bana egin dute "Bizitza da lehena" lelopean.

Bilboko manifestazioa abiatu aurretik Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hitzaldia eskaini du kapitalaren aurrean bizitza aldarrikatuz, bertan bildutakoen aurrean. ELAren esanetan, azken urteotako mobilizazio handiena izan da. ELAko buruzagiak Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen kritikei erantzuteko baliatu du bere hitzaldiaren zatirik handiena.

Hauteskunde kanpainan, "Euskadiren eta erakundeen" kontrako grebak egitea aurpegiratu zion Ortuzarrek ELAri. Lakuntzak erantzun dion esanez ELAk ez duela inoren kontrako grebarik egiten. "Guk jendearen eta sufritzen ari direnen lan baldintzak duin bihurtzeko egiten ditugu grebak. Zure alderdiak grebarik nahi ez badu, bere menpeko administrazioetako lan baldintzak duin bihurtu ditzala. Oso erraza da", goraipatu du.

"Euskadi errautsetara eramatea leporatu zigun", baina "errautsez hitz egiten hasita hobe luke Ortuzarrek Euskaltelekin zer egin duten azaltzea", aholkatu dio ELAko buruak. Halaber, euskal industrian inbertsioak egiteari uztea aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari eta Xel, La Naval eta CEL jarri ditu adibide gisa.

Lakuntzaren esanetan, EAJk onartu nahi ez badu ere, ELA da sindikatu nagusia EAEn (% 45) eta Nafarroan % 22,9ko ordezkaritza du. Bestalde, helburu batzuk lortzeko bitarteko bakarra greba dela berretsi du beste behin.

Egungo egoera politikoa ere hizpide izan du eta kapitalismoa muturrera doala ohartarazi du. Hori dela eta, haren hitzetan, "ez da arraroa" eskuin muturreko erreferentziek indarra hartzea. Ildo horretan, ezkerreko alderdiei batzeko eta ezkerreko politikak egiteko eskatu die.

Besteak beste, grebek gizarte hobea lortzeko balio dutela aldarrikatu du sindikatu abertzaleak. "Grebek lan-hitzarmen hobeak lortzea dakarte, baina, aldi berean, gizarte hobea, justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko ekarpena dira", azpimarratu zuten Maiatzaren Leheneko egitarauaren aurkezpenean.

BIDEOA: LABek prekarietatearen aurka borroka egiteko deia egin du

LABek ere deialdi bikoitza egin du Maiatzaren Lehenerako. Alde batetik, Baionan (11:00etan, Santa Ursula plaza) CGT sindikatuarekin eta beste eragile batzuekin batera manifestazioa egin du, eta bestetik, Iruñean (12:00etan, Gaztelu plaza) egitaraua prestatu du egun osorako. "Euskal Herriak erabaki. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi" lelopean, erabakitzeko eskubidea defendatu eta "kapitala haustera" deitu du.

Iruñean, hiriko hainbat tokitatik ateratako bost zutabek bat egin dute Gaztelu plazan. Gazteak, pentsiodunak, migranteak eta feministak bat egin dute LABen manifestazioarekin.

Iruñeko mobilizazioa abiatu aurretik Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hedabideen aurrean hitz egin du. Aranbururen arabera, sindikalismoaren erronka nagusia prekarietateak eragiten dituen arazo guztiei erantzun integrala eskaintzea da.

Garbiñe Aranburuk ziurtatu duenez, gaurkoa "langile klasearen borroka indartzeko eguna da". Helburu hori lortze aldera, "kontraboterea den sindikalismoak, sindikalismo abertzaleak eskaintza eta estrategia sindikal osoa eskaini behar du".

Testuinguru horretan, sindikalismoak bi erronka dituela azaldu du: batetik, lantokietan borrokak aktibatzen jarraitzea, grebaren bitartez zenbait kasutan; bestetik, prekarietateari erantzun orokorra ematea.



BIDEOA: Agenda soziala lehentasuna izatea eskatu diote CCOOk eta UGTk Espainiako Gobernu berriari

ELAk eta LABek ez bezala, Euskadiko zein Nafarroako CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute Maiatzaren 1erako. EAEn, manifestazio bana egin dute Bilbon (11:30ean, Jesusen Bihotza), Donostian (12:00etan, Alderdi Eder/Udaletxea) eta Gasteizen (12:00etan, Andre Maria Zuriaren plaza). Sindikatuok "Pertsonak aurretik" goiburua aukeratu dute aurten. Nafarroan, Iruñean egin dute manifestazioa (12:00etan, antzinako autobusen geltokia).

CCOOk eta UGTk "agenda soziala lehen tokian" jartzeko eskatu diote hauteskunde orokorretatik atera den Espainiako Gobernu berriari. Loli Garcia eta Raul Arza, hurrenez hurren, CCOO eta UGTko idazkari nagusiak Bilboko mobilizazioan izan dira.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Loli Garciak (CCOO) hiritarrak "eztabaida politikoaren erdigunean" jarriko dituen politika aldarrikatu du. "Legegintzaldi berri honetan herritarren gehiengoa diren langile klasearen arazoei heltzeko eskatzen dugu", esan du. CCOOko buruak negoziazio kolektiboak lan harremanen zentralitatea berreskuratzea eskatu du eta, bide horretan, ezinbestekotzat jo du 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea.

Raul Arza UGTko idazkari nagusiak, bere aldetik, "kalitatezko enplegua, soldata duinak eta lan seguruak" aldarrikatu ditu. Garciaren ildoari jarraituz, agenda soziala lehen lerrora eramateko eta "eskubide gehiagoko" politikak egiteko galdegin dio Espainiako Gobernuari. Patronalari ere zuzendu zaio eta soldatak igotzeko eta negoziazio kolektiboari berriro heltzeko deia egin dio. Arza ha exigido también al Gobierno Vasco que "se tome en serio" la reducción de la temporalidad laboral en el seno de la Administración.

Azkenik, Steilasek manifestazioak egin ditu lau hiriburuetan, "Eutsi Tinko Borrokei" lelopean; ESK-k ere beste hainbeste egin du "Klase kontua da!" goiburupean.

LSB-USOk Bilbo eta "Jokoa amaitu da" leloa aukeratu ditu bere aldarrikapenetarako. Sindikatu horren arabera, bada garaia "langileen eskubideen kontura espekulatzen amaitzeko". "Lana beti berdinek galtzen duten joko bat bihurtu da. Partida bakoitzean arauak aldatzen dira. Lan eskubideak aurretik eramaten dituzte. Lana ez da bizitza duina izateko berme bat", salatu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena