Ekonomia -
Maiatzak 1, Langileen Eguna
Sindikatuak kalera irtengo dira lan eskubideak aldarrikatzeko
Zazpi urteren ondoren, ELA, LAB, STEE, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarrekin ospatuko dute, bizi dugun egoera "larria" dela eta. CCOOk eta UGTk ere indarrak batuko dituzte "eskubidezko lana" eskatzeko
Erredakzioa
Gaur, Langileen Nazioarteko Eguna, zazpi urteren ostean ELA, LAB, STEE, EHNE eta HIRU sindikatuak elkarrekin irtengo dira kalera, bizi dugun egoera "larria" dela eta. Krisiaren "aitzakiarekin" azken hamarkadetako politikarik "antisozialenak" egiten ari direla salatuko dute "Euskal langileok gure baldintzak erabaki. Badugu alternatiba" lemapean. Sindikatu "abertzaleak" 11:30etik aurrera elkartuko dira Bilboko kale nagusian egingo den manifestazioan.
CCOOk eta UGTk ere elkarrekin ospatuko dute Maiatzaren lehena, Euskadin izan den "langabeziaren gorakada izugarria" salatu eta "Soldata eta lan duinak dituen Europa soziala" eskatzeko. Bilboko Jesusen Bihotzetik 11:30ean abiatuko da bi sindikatuen manifestazioa. Gasteiz eta Donostian ere protesta egingo dute 12:00etatik aurrea Florida enparantzan eta Boulevarden, hurrenez hurren.
Langilearen egunerako USO sindikatuak "lana eta estatu sozialagatik" lema aukeratu du. Bere protesta ere 11:30ean hasiko da Bilboko kale nagusian.
ESK, CGT, CNT eta Solidari sindikatuak ere irtengo dira Euskadiko kaleetara lan eskubideak aldarrikatzeko. 11:30etik aurrera izango da Bilboko kale nagusiko 56. zenbakian. Goizeko 10:00etan Errenteriatik Donostiara martxa bat ere egingo dute.
EstatuanCCOO eta UGT sindikatuek gaur 80 ekitaldi eta manifestazio baino gehiago egingo dituzte Espainia guztian zehar, eskubideak dituen lana eskatu eta Gobernuak egin dituen murrizketak salatzeko.
Aurten, lehenengo aldiz, manifestazio nagusia Valentzian egingo dute. CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez, egongo dira San Agustin plazatik 11:30etan irtengo den manifestazioan.
Aurtengo lema "eskubideak dituen lana. Murrizketa sozialen aurka" da, eta murrizketetan oinarrituta Gobernua aurrera eramaten ari den politika salatzea du helburu. Lana sortzea, jendea babestea eta ekonomia berpiztea eskatuko dituzte, beraz, besteak beste, sindikatuek.
Madrilen (normalean bertan egiten da manifestazio nagusia) protestak 12:00etan hasiko dira Neptuno Plazan.