Ekonomia -
BECen
6.567 hautagai, Hezkuntzako LEParen 1.867 lanpostuetako baten bila
Gehienek maisu-maistren kidegoan eman dute izena, baina musika kontserbatorioetan eta hizkuntza eskola ofizialetan ere hautagaiak badaude.
Agentziak | Erredakzioa
6.567 hautagai aurkeztu dira, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, 2019ko Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren lehenengo probara, hurrengo irakasleen kidegoetan: Maisu-maistrak, Musika Kontserbatorioetako irakasleak eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak.
Hezkuntza Sailak 1.867 lanpostu eskaintzen ditu LEP honetan, hiru kidegoetan. Onartuek 9:30etan hasi dute oposaketen lehen faseko lehen proba, Eusko Jaurlaritzak informatu duenez.
Zehazki, honela banatzen dira hautagaiak kidegoen arabera: Maisu-maistraak, 6.416; Musika Kontserbatorioetako Irakasleak, 95, eta HEOko Irakasleak, 56.
Euskal Autonomia Erkidegoan azken mende laurdenean, 1993tik, Hezkuntzan egiten den Lan Eskaintza Publikorik handiena da.
Lehen fasea
Hautagaiek, lehendabizi, idatziz gai bat garatu dute, dagokion espezialitatearen gaitegitik ausaz hautatuta. Horretako bi ordu izan dituzte gehienez. Proba horren helburua espezialitatearen ezagutza espezifikoak dituztela erakustea da.
Hori bukatuta, hautagaiek beren espezialitatearekin zerikusia duen kasu praktiko bat izan dute aurrean, eta idatziz gara dute. Proba horren helburua hautagaiek beren espezialitateari dagozkion formazio zientifikoa eta trebetasun teknikoak dituztela frogatzea da.
Proba praktiko horretarako, Maisu-maistren kidegoko hautagaiek gehienez bi ordu izan dituzte. Hizkuntz Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko hautagaiek hiru ordu izan dituzte. Musika Kontserbatorioetako irakasleen kidegoko hautagaiek beste egun batean egingo dute proba praktikoa.