Ekonomia -

Metalgintzaren Greba Bizkaian

Milaka manifestarik Bilboko Kale Nagusia hartu dute grebaren bosgarren egunean

Ibilbidean zehar petardoak bota eta edukiontziak gurutzatu dituzte. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu eta beste hiru identifikatu ditu.

Langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: ELA Twitter
Langileen manifestazioa Bilbon
Atxilotu bat eta hiru inputatu, Bilboko manifestazioan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metalgintza sektoreko sindikatuek –ELA, CCOO, LAB eta UGT-- FVEM patronalari eta Eusko Jaurlaritzari "bide poliziala eta judiziala" uzteko eskatu diete. Aldi berean, ostiral honetan atxilotutako langilea "aske" uzteko eskatu dute.

Milaka manifestarik Bilboko Kale Nagusia hartu dute ostiral honetan, Metalgintza sektoreko sindikatuek deituta. Hitzarmen kolektiboa berritzeko bosgarren greba eguna izan dute gaur. Ibilbidean zehar petardoak bota eta edukiontziak gurutzatu dituzte.

Era berean, Plaza Biribilean manifestarien aurka kargatu dute ertzainek. Polizien kontra objektuak jaurtitzeagatik pertsona bat atxilotu dute, eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu diote. Protesta hasieran beste hiru pertsona identifikatu dituzte, desordena publikoak egotzita.

Bosgarren greba egunak "erabateko arrakasta" izan duela esan dute sindikatuek agiri bateratu batean, baina "FVEMek eta haren laguntzaileak, Eusko Jaurlaritzak, gaur hartutako erabakiak" salatu dituzte.

"Ertzaintzak goizeko piketeetan eta batez ere Bilboko manifestazioan beldurtzeko jarrera izan du, are gehiago, manifestazioa eten du; tentsio uneak eragin ditu", erantsi dute.

Sindikatuak: "Ertzaintzak Bilboko manifestazioan beldurtzeko jarrera izan du, are gehiago, manifestazioa eten du"

Ertzainak errepidea garbitzen saiatu diren bakoitzean, manifestariek oihu eta txistu artean hartu dituzte: "polizia gutxiago, negoziazio gehiago". Tentsio unerik handienak manifestazioaren atzealdean izan dira, ertzainek martxaren hegaletatik eta espaloietatik aurrera egiten zuten heinean.

Bestalde, goizeko lehen orduan, pikete talde bat Erandioko Murueta ontziolara joan da, lantegira sartzea eragozteko. Sarrera libre uzteko eskatu die Ertzaintzak.

Langile gehienek egin dute bat hitzarmen "duin" baten alde Bizkaiko Metalgintza sektoreak deitutako bosgarren greba egunarekin, sindikatuen arabera. Mikel Etxebarria ELAko bozeramaileak ostegunekoarekin parekatu du ostiral honetan grebak izandako jarraipena. Hain zuzen ere, sindikatuen hitzetan, langileen % 80-85ek egin zuten greba egun horretan.

Etxebarriak esan duenez, bosgarren egunez industrialdeak itxita daude eta ekoizpena gelditu egin dute. "Pozik gaude mobilizazioak jarraipen zabala izan duelako, jendea indartsu dagoelako eta Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari gure aldarrikapenak onartzeko exijitu diogulako", adierazi du.

Atzoko protestetan izandako istiluen harira, ELAko bozeramaileak berretsi du gisa horretako gertakariek ez dutela grebarekin zerikusirik izan behar. Halaber, Ertzaintzak kasu jakin batzuetan izandako neurriz kanpoko jokabidea ere gaitzetsi du, "sindikatuen borroketan ekoizpena gelditu beharra dagoelako, eta milaka pertsona kalera atera behar direlako".

Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren esanetan, bestalde, % 20ko jarraipena izan du ostiraleko lanuzteak, hots, mobilizazioak abiatu zituztenetik langileek egin duten bosgarren greba egunak.

Iturri horien esanetan, osteguneko "ildoari" eutsi dio grebak. Alabaina, argi utzi du oraindik ez dutela behin betiko daturik. Hau da, enpresek emandako datuetan oinarritu dira jarraipenaren nondik norakoak argitzerakoan.

"Sindikatuek ez dute amorerik eman, metalgintza federazioak proposamen berriak egin dituen arren", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Sestao argazkiak Bizkaiko albisteak Barakaldo Amorebieta-Etxano bideoak ELA albisteak LAB albisteak Grebak gaur EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Durango argazkiak Albisteak Elorrio azken ordukoa Euskal sindikatuak CCOO albisteak UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak Burdingintza